inprimatu
Sort-herriari
Izenburua:
Sort-herriari
Sinadura:
Mendiburu, Jean Pierre
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Mendiburu, Jean Pierre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1576.zk.
Orrialdea:
5

Sort-herriari

 

Mendiburu, Jean Pierre

 

 1

 

 Nere herriaz ez naiz ariko nolako den espantuka

 Herripollita dela nehola nehork ez dezake uka

 Nahiz bakotxak berea nehoiz bertzekin ez lirion truka

 Ni neureari banoakio zorduri bezala bertsuka.

 

 2

 

 Sort-herriari mintzatu nahi diot arats apalean

 Nere mintzoa ezagutua da hunen lur zabalean

 Sortu orduko nere nigarra entzun zen ospitalean

 Heletargoa nitan sartu zen bere haur euskaltzalean.

 

 3

 

 Bertze herriak baino gorago ezarri zaitut zu mila

 Zuk ere jakin izan zinuen goreslea ni nun bila

 Galdatu izan nauzun guziez hor nintzan umil umila

 Esker onezko sendimenduez josia zaitzun mutila.

 

 4

 

 Gaur urgulutan jartzen ahal naiz, bai, sekulan jartzekotan

 Esker biziak hartze ditutzu nitarik deus bartzekotan

 Ene bihotza agertzen dautzut zubauren azkartzekotan

 Ez dut nihola kantatu nahi deus nihauri artzekotan.

 

 5

 

 Herri maitea ez dakit xuxen zonbat denbora elgarri

 Beha egonak giren pentsatuz Jainkoak zer du ekarri?

 Zuk hartze duzun semea ote nauen munduan ezarri

 Hobe diozu galdegitea Jesus onari berari

 

 6

 

 Heletak dauzkit neri emaiten egiazko alaidurak

 Sort-herriari zor ditut nere ongiak eta jaidurak

 Herritik kanpo akabo dire ni baitako lasaidurak

 Neure barneko berri guziak ongi badazki Baigurak.

 

 7

 

 Ez dakit nola azal, herria, egin dautazun ospea

 Ta nola argi neri galdezka hor dagon jende ostea

 Dirutan ere neke da nere laerriaren erostea

 Eta ni egin nauen neurrian bertze norbaiten poztea.

 

 8

 

 Hobekiago herria maite desterruan bizitzean

 Etxearentzat amodioa emendatzen izitzean

 Heletarentzat leial egonen naiz beti nere hitzean

 Ez naiz sartukor herriaz arta ez duten mundu hitsean.

 

 9

 

 Bere herria maiteagotzen baita hartaz gabetzean

 Etxetik urrun etortzen diren sendimenez jabetzean

 Bizi naizeno eta hil-eta har nezazu babesean

 Naizen guzia egon nahi dut beti zure sahetsean.

 


inprimatu