Sentimendu batzu
Mendiburu, Jean Pierre
1
Denen bihotzak, goiz edo berant, egun batez dira hausten
Indartsuenak ere baitira ohartu gabe errausten
Noiz eta ere nahi gabe bat zeraiotelarik jausten
Gutaz gorago zerbeit badela, horrek baitu erakusten.
2
Nahi ginuke nahi gabea Jainko Jaunak bekantzea
Gure bizia atseginezko dohain guziez lantzea
Bainan ez dugu segur merezi zorion hortaz hantzea
Egundainotik lore bakotxak baitu bere arrantzea
Halaber duzu gure bihotza trixturaren ohantzea.
3
Ongi doatzin familietaz gira noiztenka jelosten
Ikusiz zonbat urosak diren ta zerk dituen airosten
Deskantsu hori gauza bakarra ez dena ahal erosten
Bai eta ere denbora gutiz dena beti inarrosten
Gauza bakarra denentzat berdin horrek gaitu oro josten.
4
Nahi gabeak bihotz samurrak ditu ardura anaitu
Den idorrena denborarekin eztiaraziko baitu
Bizitzearen jabeak berak denak kanbiatzen gaitu
Hura egina eta zu ere gau batez hasiko zaitu
Berekoiaren jite guziak, behar dituzu garraitu.
5
Atzo nituen sendimenduak bihar ditazke aldatu
Zendako behar dugu noiztenka behar gabe asaldatu
Herrazko jite maleziosak bihotz erdian kaldatu
Nahi ez duzun gauzarik ez da bertzentzat behar galdatu
Bainan gaizkia etorriz geroz ongia da hegaldatu.
6
Ez du balio, espantulero, egin dezagun kukuru
Ez baitakigu, eta beharrik, zeren gagotzin aiduru
Heriotzea dantzan dabila bizi denaren inguru
Nork bere pena horrek baituke estaliko denen buru
Funtserat-eta beharrik hor da pena guzien helburu.
7
Gure pegarra lurrezkoa da hauts erretxa den eltzea
Zer balio du gure buriaz fantesian ergeltzea.
Fede suharrez bete gaitela trixte baita epeltzea
Berriz piztean sinets dezagun arnegatuz usteltzea
Ilunpen orde hobe baitugu argi alderat heltzea.
8
Orai artean berotu gira plazer hoberenen suan
Bainan guziak gertatzen gira lotsamenaren kasuan
Bizkitartean beti katzakan elgarrendako hisuan
Ja luza gabe guziak berdin betiereko pausuan
Injustizia, deusik ez daukan, Krixtoren parabisuan.