Herritik doatzineri
Mendiburu, Jean Pierre
1
Sor lekua ta Euskal-herria maite ditutzu biziki
Bainan «Nik maite dut» erraitea nere ustez ez da aski!
Lur sakratu hau nahi badugu zen dadien hobeki
Harekin egon behar da eta herria xutik atxiki.
2
Herriarentzat gure bizia oso osoki emanez
Edertu eta zaindu behar da gure izerdi ta lanez
Solas guziez zure herria «maite» duzula erranez
Uste duzia zerbitzatzea hartarik urrun joanez?
3
Beren etxea uzten dutenek ez deraukute salatzen
Bide orotan erretxenari direla airoski lotzen
Zonbat arrazoin eta aitzaki ote dituzte bilatzen?
Beren ohantze goxoak duen mina ez dute zilatzen!
4
Len eskasia dugula edo hobeki nahian bizi
Beren tokitik begiak xabal itsumenduka doatzi
Ohartu gabe hazi-lekua bakarrik dutela utzi
Heien maitasun inguramena ez ote zuen merezi?
5
Bixtan da lurrak ez du egiten ez oihu ta ez garrasi,
Hargatik ongi senditzen duke gizona dela nahasi.
Herri-maitatzen noiz bebar ote da funtsezkiago hasi?
Ez bada nahi gero ikusi dena lapar eta sasi!
6
Artatzaleak urrun doazko, zeren ondotik dabiltza?
Dirua gatik sa[ lezazkete arima eta bihotza.
«Diruak» baitu eskuan hartu gure buru muiñen giltza
Haren dirdirak estaltzen dauku aintzineko hedoi beltza.
7
Nork bere etxeko lurra baino kanpokoa nahiago
Auzoko salda ere etxeko salda baino hobeago
Neri etzauta iduri gauzik hori baino trixteago:
Landareak desterratu eta ote du fruitu geiago?
8
Inozentzia hori egiten duenari nauzu mintzo
Ohart dadin bere urratsetan berarekin denetz zintzo?
Berantegi da bihar ertea: «Ai, zer egin dut nik atzo?»
Erroak lurretik atera ta egoitea heleri so!
9
Haurtasuna ta gaztetasuna emanik zorionian
Farandoletan, kantu ta dantza, beti omore onian
Sor lekuak bere esperantza dauka gazte dagonian
Otoizten zaitu: «Ez nazula utz ene azken agonian»
10
Iguzkia noiz nagusituko ote zaiku izotzari?
Udaberria noiz etorriko da nausi negu hotzari?
Diru indarra nagusi bada gizonaren bihotzari
Jakin gabean sort-etxea du eskaintzen heriotzari!
11
Hegalak sendi orduko baitu xoriak uzten kafira
Gero kafirak arbola hoitan usteltzen egoiten dira.
Gu hazi eta herria berdin egoiten zauku begira
Guk zorrak hari ordaindu gabe urrun joaiten bagira!