Gure alaba
Mendiburu
Nahi gabeak izaiten ditu noizbeit gutarik bakoitzak
Eztiarazten ditu jendeak, urgulusu ta zikoitzak
Bainan auzoan gertatu gauzak ez dira hanbat bortitzak
Diogularik pausatua da han ditu azken egoitzak
Ederragoak dira nork berak beretzat egin otoitzak.
Nunbeit gertatuz holako zerbeit guretako ez da bali
Gure baitarik ez dugu nahi bertze batendako jali
Bainan etxean delarik zauku bihotz barnea uzkali
Aingeruņoak zuen argia zaukulakoan itzali
Gure gogoa gau ilunaren iluneraz da estali.
Holakoetan, fedea lagun, behar dugu ihardoki
Eta gutarik bakotxak baitu nigar egiten goxoki
Ordu berean badakikegu otoitz egiten sanoki
Gogo bihotzak biak emanik kartsuki eta osoki
Zeruko Jaunak gure hileri dezan atea ideki.
Kasu horretan girelakoan gira orai samurrean
Hotz ikara bat sartua zauku gure bizkar hezurrean
Bizitzearen uzteak hola bere haurraren haurrean
Lazdura tzar bat eman derauku ta ezarri beldurrean
Atsegingarri guretzat deusik ez da geroztik lurrean.
Mundu huntarat etorri ordu ama baten sabeletik
Osaegilek ez dute ahal salbatu izan gaitzetik
Agertu ordu iguzkia da itzali zeru aldetik
Dolu minaren ilundura bat daukagula bihotzetik
Haurra eskaintzen dugu Jaunari orai ororen gainetik.
Batzuek haurrik ez nahi eta bertzek aldiz ezin ukan
Nahi ditugun bezala gauzak direlakotz arras bekan
Jainko Jaunaren nahier gaude nahi ala ez estekan
Bihotza beti daukagularik aingeruari perekan
Gure aldia da egoitea doluminaren errekan.
Gora ginuen burua behar, izan zerauku apaldu
Geroztik hunat ez dugu biek ez lo egin ez bazkaldu
Gure izana hormatua da ote ditake gesaldu
Jainko maitea ilunpetara alaba ez dadin galdu
Urrikal zaite ta haurtxoari parabisua zabaldu.
Iduri luke gure biziak duela gostu karatsa
Gogoa lanbro, ilun batean, izar gabeko aratsa
Gogotik ezin kendua dugu izar haren azken hatsa
Gure ganberan sartzeko ere gira biak berdin lotsa
Gure aldean dagolakoan ohakoa beti hutsa.
Solastatzeko ere ez dugu, kasik batere talendu
Gure biziak behin betiko sumindura ukanen du
Haurtxoa gabe ez duelakotz gehiago deus zimendu
Oldartu gira gure alaba, Jauna, duzulakotz kendu
Ezin bertzean hasarreturik nahi dugu barkamendu.
Haurra sortzean, bizi emaile, ginen airos eta alai
Ta gaixoari etorri zaio zerbeit biziaren etsai
Aita-amentzat zer oinazea, zoin den bortitz eta salbai
Duelakoan sortuarentzat biek amodio nasai
Etsimenduzko oren hitsetan, Jauna, emaguzu kurai.
Gure alaba, Jauna, zuk otoi ezar zeru gorenean
Harentzat dugu amodioa haundi bihotzen barnean
Bakotxak maite ditu bereak pare gabeko heinean
Lehen bai lehen ager dadila, Jauna, zure aintzinean
Gure nigarrak ezti ditzazun zeruratuko denean.