Arrosako zubian
Mendiburu, Jean Pierre
1
Arrossagaray, aipatu duzu Lasako-gazte lagun bat
Ta Iholdiko auzapez zenaz mintzatu izan da Alkat
Ene aldia etorria da, bertsu trixte zonbeit dauzkat
Deusek ez bainau koropilatzen, ixtripu batzuk bezenbat
Bertsu doloros hauk badoatzi gaur Arrosako zubirat.
2
Ez dut hain maite berri hitsetaz bihotz guzien laztea
Gai peningarri batzuez hemen bertsu ezar-araztea
Deitoragarri litake ere aipatu gabe uztea
Bi soldado hil, bat ezkondua, bertzea mutil gaztea
Nigarrez direlarik aitamak eta baten emaztea.
3
Errekontrua zoin den dorpea ezin ditake sinetsi
Kolpatuak hamabortz ziren ta biga urak iretsi,
Adin hoberen paregabean, ezin baitugu sinetsi
Beren biziaz behar zutela, hoin gazterik hartu etsi
Behin betikotz dituztelarik beren bi begiak hetsi.
4
Hilak hil dira ta kolpatuak, gaixoak, zer maneretan
Sofrikario ezin jasanez dagotzinak nigarretan
Ez ditzagula egundik harat ahantz gure otoitzetan
Zer egun beltzak eta ilunak badiren mundu hunetan
Zer oinaze, min, ezin erranak badiren familietan.
5
Mundu hau hola duzu denetzat, badu irri eta nigar
Ezin da erran gerokoak zer ote diron guri ekar
Laster ahultzen baita jendea izanikan ere azkar
Jainko onari, kartsuki orai dugu otoitz egin behar
Bi soldadoak bere ondoan zerbitzari ditzan onhar.
6
Bide bazterrak zoin lanjerosak dena muga ta hesola
Gune itsuak nun nahi eta dena hesi ta arbola
Kargu dutenek izan bezate gauza horiez axola
Izanik ere, ez dakit zer den bezain kario petrola
Karioago baita miletan hiltzen direnen odola.
7
Sortuz geroztik nahi gabea nehork ez baitu arrotza
Denek dakite doluminaren iturria zoin den hotza
Aitama batzuk ez dute geio entzunen loi gazten botza
Zer ukaldia, zer trantsidura, zer salbaikeri zorrotza
Hoin gaztedanik, lurperatzea, malte denaren bihotza.