Ari ari sartzean... Europan
Mendiburu, Jean Pierre
1
Euskal Irrati maiteri beha egoiten naiz ordu betez
Berriak jakin nahian eta kantu ta soinuen maitez
Uste gabeko emanaldi bat nitaratu da gau batez
Euskal kantari batzu entzunak ditut kantatzen frantsesez
2
Frantsesez ere kapable zaizte hauxe duk dohain nasaia!
Nork debru eman ote dautzue hola hasteko idaia
Akzantak ere aldatu nahi hauk Europaren garaia
Dohain eder ohi gorde uztea ez zena bada domaia
3
Euskal populu eder hau zagon bere mugetan etsirik
Zuetaraino ez dauku eman gizon kapable bihirik
Alta gaur arte ez da faltatu Mixelik eta Panpirik
Zueri esker naski Europan sartuko gira bihirik
4
Zuek entzunez ohartu nintzen Europan sartu nintzala
Zuen kantuen bidez badugu repertorio zabala
Inglesez ere kanta zazue orai frantsesez bezala
Fruitu onenak emaitekoa baitago zuen ahala
5
Zuen neurriko besterik ez da edozoinek hala dio
Jende guzia xoratzen dela zuen kantuen medio
Bazter orotan entzuten ditut denak dena laudorio
«Opera»n edo hor nunbait zuen sartzea luke balio
6
Nehork aitortu ote dautzue zaiztela artixta haundi
Ala nehork deus erran gabean duzue gauz hori sendi
Kantutik bizi behar duzue «Champs Elysées» ta hor gaindi
Bide haundian sartuz geroztik ez bide erditan geldi
7
Euskal Herriak orai artean sortu du kantari anitz
Lertxundi Lete Imanol eta holakoer so naiz irriz
Zuen neurrirat hupatzekotan hasten ahal dira berriz
Nahiago nuke Martikorena ere hein berean balitz
8
Ez gorderik utz zuen dohainak hain dira eder ta onak
Aberastasun horri begira lorian gira egonak
Lau mendetarik aldi bat dira sortzen holako gizonak
Ez uste izan faltsuak diren nik eskaini zorionak