inprimatu
Iguriaren trilogia eta bat gehiago
Izenburua:
Iguriaren trilogia eta bat gehiago
Sinadura:
Madariaga, Juan Ramon
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Madariaga, Juan Ramon

Argitalpena:
Hegats.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
3.zk.
Orrialdea:
88-89

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Iguriaren trilogia eta bat gehiago

 

Madariaga, Juan Ramon

 

 Iguria naiz,

 

 gauak izartegiari begiratzera

 behartzen duen haietarik,

 hotz krudelak lo egitera

 uzten ez duen haietarik.

 Iguria naiz,

 ilargiari ondiko minenak

 kondatzen dizkion haietarik,

 erredolari emaztea bailitzan

 eleztatzen dion haietarik.

 Iguria naiz,

 eta etsaien etortzea igurikatzen dut.

 Iguria naiz,

 eta gaueko sakaila igurikatzen dut.

 Iguria naiz,

 eta batzutan, etsi-etsian, igurikatzen dut

 heriotza.

 

 Erregea eho behar nuen

 

 Erregea eho behar nuen gauez,

 halaz, ene brokelaren gibelean izkutatu nintzen,

 iguriak ene begien erlantzak ikus ez zitzan.

 Boboien kantua ihakindatu nuen gero,

 gauari fida zekion,

 baina halaz guztiz, zelatan segitu zuen

 iguri fidelak.

 Loak hartuko zuelakoan nengoen

 eta hotzak makur eta etzanarazi,

 baina halaz guztiz, xut segitu zuen

 iguri fidelak.

 Argizagia bete eta zuritu zen izartegian,

 eta hark eresi xarmant bat eskaini zion,

 baina halaz guztiz, zurt segitu zuen

 iguri fidelak.

 Gau hartan erregea ez nuen eho,

 oinaze handia senditu bainuen

 iguri balenta azkonaz

 ehotzean.

 

 Dorrea

 

 Dorreak irme zirauen goiztiri horretan

 baina hutsik.

 Ekia murra bailitzan esnatzen zen.

 Itxesaren susmoa bihotzean zeukalarik

 arrajin zen gaueko eidolaren ebaslea, erahilea,

 ezinago triste,

 ezinago etsiturik

 ezinago bano.

 Talaiaren iguria eho zuen

 bihotzeko azantza inarrosiz betikotz,

 baina zein ere izterbegia zen,

 apiril horretan dorre hartako iguria egin zen

 eta besteak bezala

 haiduru dago,

 heltubada, heriotzaren ere.

 

 Iguri guziek

 

 Iguri guziek diraute

 hodeiertzari biziki estekaturik,

 ekaitzen gain edaten eta pizten,

 mengo honezaz eresiak sortzen,

 errauts bihurturik hil direno,

 iguripenaren esperoan hil direno,

 haiekin batera hil gareno.

 


inprimatu