Gurin-egilleak
[Loidi?]
Aldeacueva degu
Karrantzan auzoa,
sartalde-mendietan
goienetakoa.
Tximistargirik ez du,
belarra naikoa,
bizibide geien bat
bei-esnetakoa.
Atsoak biltzen dira
illunabarrean,
tupinak astintzera
atari-aurrean.
Lan atsegina dute,
apatx ederrean,
itz-jarioz, gurina
mamitu artean.
Osa dute jarreran
ustai borobilla,
abiatzen dutela
berrien pirrilla.
Betiko moko-luxe
or dator okilla,
txirtxirka salatuaz
norbaiten ixilla.
Ardi-larruz estaliz
ontzi-ao zabala,
altzoan dabilkite
dinbili-danbala,
lo-arraztekoa dan
aurtxoa bezala,
iji-ajak algaraz
lagun dituala.
Asteko esamesak
izpide direla,
bildua dute gaurko
marmari-fardela,
biziki astinduaz
esnea bezela,
gurinakin batetsu
mamitzen dutela.
Ontzian plisti-plasta
dabil esne-gaina,
otsak artzen diela
kulunkai tamana.
Bitartean norbaitek,
irri-zuriz baina,
kuku du zenbaitzuen
pekatu-orbaina.
Atso berritsuari,
onik onenean,
estalki-mintza lertu
zaio magalean,
gurin-opilla jalkiz
parrasta betean.
Kokorika zegona
busti du lurrean.
Txorrotxa, Merengela,
Zion ta Patxuka,
Pasiega, Zibila
guziak aluka,
ez diote alkarri
mintza onik truka.
Ixkanbillakin dute
aizkenean buka.
-Itz-ontzi aiz benetan,
albiste-zingira...!
-Ire mingainak ere
ba din ibil-bira...!
-Ixildu ari, neska,
jo baste arira...!
Apaiza zeukanagu
leiotik begira...!
|