Urteak ainbetsu gaitz
Albizu, Guillermo
-1-
Urteak ainbetsu gaitz
banaiz ikusia,
ondo-ezaren berri
nago ikasia.
Ez edukiagatik
nai detan guzia.
Jainkoari eskerrak
badaukat bizia.
-2-
Gaixoen egoeraz
kupi naiz gogotik,
baiñan ez gaude iñor
libre danik ortik.
Usterik gutxinean
guk ez naiagatik,
agintari ixilla
jartzen da gaiñetik.
-3-
Noiz etorriko danik
eztu abixatzen
zenbait alditan oso
zailla da uxatzen.
Bere almena aintzat
eztuena artzen,
alik eta azkarren
beera du bidaltzen.
-4-
Sudurrean gordeta
dagon katarrua,
zenbat eta luzego
eta txarragua.
Egun batzutan izan
zan aize arrua,
aretxek sartu ziran
geiago barrua.
-5-
Illargia berritzez
nuan otz ikaran,
gora larriarekin
gorputza dardaran.
Buru ta belarriko
miñaren bolaran,
oiñazean astuna
badakit nola dan!
-6-
Iñor eri eztizkat
nik opa nereak,
menturaz besten batek
ez dauzka obeak.
Erabakia dauka
guztion jabeak,
pasa bear ditula
bakoitzak bereak.
-7-
Ikusirikan ondo
lepoz goia argiz,
plaketan ezarria
didate bi aldiz.
Osasuna danean
konforme ez gabiltz,
eta galtzen danean,
billatuko balitz...?
-8-
Auxen esan ziraden
miaturik astiz,
ez nedilla ibilli
otzak eta bustiz.
Sendagille on, eta
prestua da guztiz,
garbitu diradena
neukan «SINUSITIS».
-9-
Don Jabier Etxarri,
Larraun'goa bera,
ezpañetan eztitsu
dabillki euskera.
Etortzen zaizkan asko
osasun eskera,
sendatuta bidaltzen
badaki etxera.
-10-
Senti danean batek
eldu zaion gaitza,
kentzeko alegiñak
azkar egin bitza.
Ondo pentsatzen bada
gaixoan bizitza,
batetik luzea da,
bestetikan motza.
-11-
Batean au dalako,
ta, bestean ura,
geienean badegu
zerbait errenkura.
Garaiean artzen ez
bazaio ardura,
berak eramango du
eriotz ordura.
-12-
Gizon, andre ta ume,
mutill da neskatxa,
xoxikan ez duena
bezela aberatsa.
Argia illundu ta,
ixilltzean otsa,
gorputza, zerraldoan
betiko illotza.
|