Atano Amargarrenari
Ibai-ertz
1
San Isidrotan ikusi degu
euskal jairik ederrena,
bi pelotarik jokatu dute
Txapelketaren Azkena.
Aldez aurretik izendatuta
zan Eibar'ko Astelena,
alkar neurtzeko Azkarate ta
Atano Amargarrena.
2
Aspaldi ontan emen ez degu
orrelakorik ikusi,
ainbat urtetan Txapeldun zana
amairu tantotan utzi!!
Ene Atano jabetu zera
kopa, txapel eta guzi,
ederki asko kosta zaizu ta
orain benetan zuk eutsi.
3
Gipuzko danak goratzen zaitu
Atano maite, gogotik,
aurten Txapeldun irten bai zera
Izarraitzen ondotik.
Len ere gizon bizkorrak sortu
dirade zure erritik,
orregatikan txalo beroak
merezi ditu Azkoitik.
4
Txapeldunaren gradu ederrik
zuk etzenduen gaurdaño,
aurrerantzean nork artu zuri
neurria edo tamaño.
Txapel eder bat ekarri dezu
Bizkaitik Gipuzkoraño,
gizon aundien lana egiñaz
txikia zerade, baño.
5
Eztitan zera, ori da poza,
oietxek une goxuak,
au esango du, zuri deituaz,
zure erri paketsuak:
«Ator nigana, ene semetxo,
ar itzak nere muxuak,
Atanotarrak, pelotan beti,
izan zerate maixuak!!».
6
Begiz argia, gerriz biguiña,
besoz sendo, ankaz ariñ,
buruz bizkorra zeradelako
pelotan zuk ondo jakiñ.
Txoraturikan gelditu gera
daukazun jokuarekiñ,
aurrelaria izanagatik
atzen joka dezu berdiñ.
7
Zuregatikan bat eta beste
diote mingaiñ gaiztuak,
zenbat gorrotu, giza artean,
sortzen digun apustuak!
Txarra izan da nolatan egin
zuk ogei ta bi tantuak...?
Agertu dezu, zure almenak,
ez diradela kontuak!!
8
Gaur egunean emen nor degu
Atano baño obea?
Guztizko garbi agertu digu
berak dun abildadea.
Arriturikan utzi du aurten
Euskalerriko jendea,
goguan izan esaera au:
«Kastatik dator kondea»,
9
Zure sakeak ta erantzunak
bai ziradela trebeak,
ondo neurtuta zeuzkazun aurrez
zuk pelotaren bideak.
Bein da berriro nagusi dira
Atanotarren legeak,
ondo zailduta eraman zaitu
osaba berdingabeak!;
10
Nagusi zera, ene Atano,
zu pelotarin lanketan,
zure izena, besterik ez gaur,
dabil danen ezpañetan.
Txapeldunikan ez baita izan
emen azken urteetan,
biotzetikan Gora Atano
danok diogu benetan!!