Ahaztutako emakume bertsolariak
Mendiak ura bezala
nik maite ditut bertsoak
ttikitatik bildu ninduen
hortarako amodioak
gaur aipa nahi ditut hortaz
neure sekretuak
pixkabat azterturikan
gaur arte pasatuak.
Bertsolarien kontra
ez esan inork ezer ere
bestela ez harritu
nik defenditzea azken arte
neure kulturaren ama dira
hori badakizute
eta ez dakiten guziak
azkar jakin bezate.
Bainan gaur baditut hortaz
zenbait gauza esan beharrik
eta gainera tristuraz
bihotza guztiz beterik
zenbat amona bertsolari
sukaldetan enterraturik
Euskal Herrian ahaztuta utzi
dituzu izan gaberik.
Emakume izatea
delitoa izan noski
izen gabe hartu zaitun
lur honek ondo badaki
Zuk ekarri zenituen
semeak gaur dira bertsolari
bainan zure alaba guziak
sukaldean daude oraindik.
Zu enterratu zaituen
destinoa det madarikatzen
eta hori ez dela matxismoa
gainetik digute esaten
edo eta emakumeak
ez ote gara normalak sortzen?
Bada ez bada ere hasi behar dut
zuen izenak bilatzen.
Maite izan dut eta maite dut
nik beti bertsolaria
bainan ez diet barkatuko
zutaz horrela ahaztutzia
ez dago eskubiderik zuri
ateak horrela itxitzia
zure sukaldera noa orain
lore gorri bat utzitzera.