Bertso berriak Santamañenekoari jarriak
Endrike Knörr
1
Horra bertso maltzurrak
gaur irakurriak
Anaitasuna'te da
gure aldizkaria?
Ezin sinets dezaket
nahiz ikusia
etsita nago, lagun,
nork maite du egia?
2
Santamañenekoa
ezizendun batek
sortu dit bihotzean
zinez atsekabe.
Euskaltzaindia eta
zenbait euskaltzain're
lazki ditu iraindu
hauxe joko merke!
3
"Traidore" hitza, hortxe,
lehen lerroetan
aurreak erakusten
atzea nola dan.
"Bosten feudoa" omen
gara oraingoan!
Esaidazu, mutila,
bai, menpeko nor dan.
4
Gizakaiak du bere
beti lerratzea
lerrakorrago, berriz,
da ez jakitean.
Bere horretan, jauna,
dituzu hatxeak.
Askoz hobe zenuke
lehen ikastea.
5
"Alfabetatzekoak
kanporatu ditu",
hala diozu eta
txit lasai gelditu.
Horiek oro ordea
ez dira mogitu.
Zergatik eten gabe
gezurrak aditu?
6
Alfabetatze eta
bait'euskalduntzea
Herri Aginteari
zaio zuzentzea.
Inoiz esku onean
badago uztea
Euskaltzaindiak noski
beharko egitea.
7
Txillardegi al'Altuna
bozketa izan zen
ez batak ez bestea
gehiengo lortzen.
Horretxek ditu zenbait
biziro sumintzen
hasi dira batera
sorginak bilatzen.
8
Horra sorginak eta
sutura'rin-arin
Luis Mitxelena bata
bestea San Martin.
Ez epai ez gupida
osorik kiskali
haien arrastorikan
inon ere ez geldi.
9
Santamañenekoa
nago harritua
San Martin gorri zena
duzu zuritua.
Horrela baldin bada
zuk esan moduan
legatza'kusiko da
laster Kalamuan.
10
Hastean esan duzu
zitalki "traidore"
horra non oraingoan
to! "inkisidore".
Nortaz mintzo zara'ta
bota desohore?
Mitxelena diozu
su-predikadore!
11
Juan San Martin eta
bai Luis Mitxelena
zail jakiten bietan
nor liberalena.
Itsuturik zaudela
zaigu nabarmena
edota galdu duzu
guztiz adimena.
12
Santamañenekoa
profeta txit handi
nork nori eman boza
zeharo bait daki.
Hortan lagun duela
zenbait egunkari
bozketa legezkoa
laidotu goraki.
13
Aritu banaiz ere
Xanpunen modura
ezin inork pentsatu
daridan tristura.
Bihoa, baina, horra
horra eta ingurura
nire izena eta
orobat deitura.
|