Iparragirre illezkorra etzaitugu aztuko
Kasal Otegi, Felipe
¡O! Jose Mari Iparragirre!
Malkuak zaizkit erortzen,
Oroiturikan len zeiñ ederki
Zurekin giñan arkitzen;
Bañan utzirik pena guztiyak
Pozaz gerade betetzen
Ikusirikan gaur koroiturik
Nola ipiñi zaituzten.
Zu izan ziñan gure izkuntza
Asko maite zendubena,
Ta gure Aritz maitearentzat
Zure kanta da onena;
Presondegiyan kulparik gabe
Sartu izan zinduztena,
Zergatik ziñan Aritz gureak
Zuben adarrik onena.
A! zer gustora egoten giñan
Zuri begira aditzen,
Zure doaizko moldaer' ayek
Zinduzenian kantatzen!
Gitarrarekiñ asten ziñan zu
Eziñ egiñak egiten,
Su ta gar ziñan gure biyotzak
Irten nayian ipintzen.
Esan zenduen biyotzetikan
Aritza zaitu beagu,
Euskal-erriyak ezdu etsiko
Igartzen uzten badegu;
Gurturik oraiñ Jaungoikoari
Egin deyogun erregu,
Gerrarik gabe lengo Fueroak,
Besterik guk nai ezdegu.
Sutan geiago ez iñoiz jarri
Gure baso ta mendiyak,
Ur odoltsuak dakazkitela
Beren iturri garbiyak,
Errekachuak gorriturikan
Odolezko egarriyak,
Suzko chingarrak ikusi gabe
Botatzen arkaitz aundiyak:
¿Oteditugu lengo gauz onak
Guregana ekarriko,
Euskal-erriyak daukan lutua
Kentzeko beti betiko?
¡Bai! etsi-penik ez iñork artu
Danak dira etorriko,
Ta barkaturik, amorioan
Gera oraindik biziko.