Asis'ko eskalea
Jauregi, Luis
Eskale bat zan: eskale baten antzera bizi
erririk-erri eskean;
t'eskale gaxo baten eran il, bere semetxu
eskale gaxo-tartean.
Baņa, maitasun-usai gozoa beti darion
eskalearen izena,
urtetik-urte argitsuago, eguzkia lez,
ludi guzian barrena...!
Nolaz, ba, mundu aztukor ori ezin aztu da
Asis'ko Eskaletxoaz?
Noletan urte t'eunkiak junda, asetzen ez da
bere izen-usai gozoaz?
Mundu guziak zutik jarrita txalotzen zaitun,
ene Prantzisko mamia,
nola ixilik gaur, egon ziteken ain maite zaitun
euskaldun olerkaria?
Zure oinpean mundua astuta, gurutz gogorran
josi zinduan Jainkoak...
Argatik zaude, Jesus'en eran beartsuen-zai,
beti zabalik besoak.
Maitasun-ezaz ia il-zorian zegoan, ai! Zuk
ain maite zendun mundua:
eta il ez zedin, Jaunak garretan jarri zizuan
biotz-barenean sua.
Argatik beti zure alboan gorritzen ziran
izotz antzeko biotzak:
argatik beti zure aurrean lore biurtu
oi-ziran arantz zorrotzak.
Gabetasuna zan zure emazte maitagarria
izakiak, zur'anaiak;
neke t'oņaze gaitzenak ere, zuretzat beti
atsegiņezko eztaiak.
Zure alboan, lore politak pozez dardaraz...
kantari, berriz, txoriak...
Zu baņo anai maiteagorik, ez dute ezautu
izar, ilargi t'euzkiak.
Zu baņo gizon maitagarririk, munduak berak
ez du ezautu bat baņo:
maitasun-mallan, igo zera zu gizona emen
igo liteken garaņo.
Argatik ez da zure izenaren dirdist bizia
gizalditan itzaliko:
Kristo'rekin Zu bat egin ziņan, ta zure izena
Kristo'kin dago betiko.
Kristo gurutzan dakusdanean, Zu ere bekin
ikusten zaituk baturik.
Biok, ai! bizi nere barruan, nere biotza
maitasun-garrez urturik.
Zure neke ta naigabe gaitzez, gurutz-albora
ekarri zendun gizona;
orain otoitzez egizu ori,jakin dezan beiņ
an dagola zoriona.
Aren, begira, begi maitetsuz mundu eroai...
Kupitu Euskal-Erriaz...
Eror-zorian dagon Elizai, eutsi gaur ere
zure maitasun biziaz.
Zuk eta Jaunak maite dezuten euskera ere
ara or, doi-doi gaxoa...
Gaxoen lagun, ai! zeran orrek, beraren alde
agertu zure besoa.
Aita Prantzisko!, begira azkenez maitasun biziz
zure olerkariari:
Zuk lez, eriotz anai maitea laztandu dezan
Zerura beira kantari.