Antzekia
Jauregi, Luis
Nere biotz-barruan, baratzatxo bat daukat,
zitori bat bertan:
zitori au nik beste lore ederrenak baño
maitego benetan.
Arrosa zuri-gorri jaioberriak ere
ba-dauzkat baratzan:
ementxe lore-ezarik ez degu izango, noski,
datorren Maiatzan.
Jaunak bekigu garaiz, orain-arte bezela,
euri t'eguzkia,
guzien zoragarri, ziñez izan dedin,
nere zitoria.
Usotegi bat ere, aspalditik ba-daukat
nere baratzean:
bertan Uso zuri bat, beste usorik ez det nai,
nere biotzean.
Uso onentzako nai det, usotegi osoa,
baratza guzia,
t'onentzako bakarrik, ainbeste maite dedan
nere zitoria.
Ez zaite, ai! bertandik iñoiz, iñoiz aldendu,
ene Uso maitea:
gaurtik beti izan zaitez, Zu bakarrik bertako
jaun eta jabea.
Usoa uxatu nairik, baratza-alboan dabil
gau t'egun etsaia:
ez daki berak nunbait, aingeru bat detela
nere baratzaia.
Ene baratzai ona! Eskutatik ez utzi
ezpata zorrotza:
zitoria ta Usoa galdu baño, naigo det,
naigo eriotza.