Senperen da kanbio erretor eta bikario
Irigarai Goizueta, Pablo Fermin (Larreko)
1
Gure jaun erretora Borotra kartsua
Arbeletx jaun apezak dauku ordaindua
Hamar urtez Senperen zen hemengotua
Hazparnerat erretor da izendatua.
2
Battitt Arbeletx sortu zen Armendaritzen
Ahal haundiz Jainkoak zuela dohatzen
Jaunaren deia zuen haurretik aditzen
Apez ikastegian gazterik sartu zen.
3
Eskolak akabatu, Arbeletx apeztu
Kanbon eta Baionan bikari egotu
Euskaldun omonier Parisen izatu
Gero gure erretor zuten izendatu.
4
Jin zaikun erretor bat: haundi-ta xinplea
Karateraz aberats, urguilu gabea
Kartsu-ta langilea, apez bat maitea
Guziek dolu dugu horrek gu uztea.
5
Maurice Arretz apeza dugu bikario
Horri bertze kargu bat eman izan zaio
Euskaldun gazteria horren gomendio
Omoniergo lana egin behar dio.
6
Arbeletx juaiki zailu, heldu Mendiburu
Berria jakiteko egonik aiduru
Senperen bikario izana baitugu
Denek ongi-etorri bihotzez diogu...