Izan gare Amikuzen
Irigarai Goizueta, Pablo Fermin (Larreko)
1
Izan gare Amikuzen
Gauza frangoren ikusten
Iduzki bat ederra zen
Alegeratzen gintuen
San Inazio bain xuxen
Zaldi feria Garruzen.
2
Domintxineko aintzira
Urpean hogoi ektara
Mila golde bira bira
Arto hazitako dira
Landek ura hortik tira
Sal bihia "Lur Berri"ra.
3
Aintzirako partedunak
Lurrean trebe direnak
Behar den umitasunak
Dakartz'arto uzta onak
Hor egin dituzten lanak
Hartze ditu goresmenak.
4
Eguerdi zaukun zalu jin
Iragaitean Gabadin
Anjelus joiten: tin, tan, tin
Zeinuak ozen eta fin
Lehen, ezkila horrekin
Arrotzek lo ezin egin.
5
Garruzen, haitzen azpian
Hainitz jende zen ferian
Itzaldi zabal guzian
Zaldi, behor ausarkian
Sal erosleak lorian
Bakotxa bere aldian.
6
Tratulant biligarroa
Oi! haren pergarioa
"Gazte eta ez gaixtoa
Apala du prezioa."
Guk ezin sinets astoa
Zela zaldi kurtsakoa.
7
Saltzailek behatzaileri
Eskaintzen zuten ihaurri
Tresna, soineko, janari
Ogi-arteko, edari
Bazen ere Etcheverry
Zintan hartua kantari.
8
Bizi direnek Parisen
Ez dute denek ulertzen
Zertako den Haranbeltzen
Kapera egina xuxen
Beilariek maiz hor zuten
Meza saindua entzuten.
9
Izaturik Amikuzen
Eta ere Oztibarren
Gauza bati naiz ohartzen
Hor zoin gure etxen ginen
Jendea Baxenabarren
Haurridentzat zoin ona den.
|