Oto zaharrari
Iratchet, Jean-Pierre
1
Bezpera baten biharamunian,
Petik gora den patar batian,
Tarrata
Eta ratata
Ene otoa
Ezin berriz abian,
Utzi nindukan ahalge gorrian,
Bidearen, bidearen erdian.
2
Gure asto xaharrak lauzkaturik,
Xuxentzaile bati eremanik,
Harekin
Hire tripari
Zer ote hien
Barnago behaturik,
Gehiago ez hiela deus onik,
Turrutak ere titirrit eginik.
3
Hogoi urtetan zaharregitia,
Olio galtzen ere hasia,
Hementxe
Zer duk airian
Eta hortxetan
Herdoilak zilatia,
Errota bes-ondo bat bihurtia,
Kalakala, kalakala bertzia!
4
Burdin zaharketari batzueri
Saldu hut orai bi arhen sari.
Hail, hail, hail,
Oto zaharra,
Eta errakok
Arotzen debruari
Hire zazpi zaldi famatueri
Eman dezan, eman dezan su gorri.
5
Hik errotetan soineko berriak
Nik zapeta zolak higatiak,
Ni beti
Zerbaiten faltan
Eman beharrez
Hiri behar guziak,
Pagatu eta hire berritziak,
Moltsa zolak, moltsa zolak hustiak.
6
Hi gure etxerat jin aintzinian,
Sos larri zonbait moltsa haundian,
Geroztik
Hire paperrak,
Zer gertadurak,
Pagaturik urtian,
Hik edanaren saria ginian
Gazitegi, gazitegi barnian.
7
Hiri emaiteko su eta pindar,
Urtean saldu behar bi xingar,
Et guk
Egun jateko
Xardin gorri bat
Eta bira lur-sagar.
Amari galdez baden zerbait undar,
Badirela, badirela bi belhar.
8
Ez gituk ez halere samurtuko,
Higatu ere hiz guretako,
lbili
Baigitik beti
Guk ginituen
Behar-orduetako,
Gure nahirat ere joaiteko,
Beti hintzan, beti hintzan meneko.
9
Hail beraz ixilik eta bakian,
Ororena baita zahartzian,
Ezinak
Eta hil-minak
Lan emankinak
Agertzen direnian,
Ahanzten die zer hintzan gaztian,
Ondokoen, ondokoen artian.