Zergaitik zara bertsolaria?
Iraola, Rufino
-1-
-«Zergatik zera bertsolaria»?-
Askotan nago entzuna.
Badakizute Jaunak doai bat
bakoitzantzat emantzuna.
Neri eman dit bertsotarako
gogoa eta zentzuna.
Bere nahia betetzea da
gizonaren erantzuna.
-2-
Naiñarripean sortu nitzaden
basarri zahar batean
Bertsoa eta euskera maite
ziran txoko apartean.
Bertsolariak auzoan sarri
etxean, berdin, tartean
eta zer ikasiko nuen nik
holako jende artean.
-3-
Bertsorik gabe ez dut pasatzen
arratsalde eta goizik.
Oso gauz gutxik sortzen didate
bertsoak haineko pozik
Animak ere hitz egiten du
bertsotan, mingainak ezik.
Ez dago asko bertsoa baino
maiteago dedan gauzik.
-4-
Baina ez daukat, ez, bertsoetan
hain ona naizen usterik
Badago amaika hobegorik
zaharrik eta gazterik
Ez nuke nahi gauza batzukin
beste batzuk nahasterik
Ez dut egiten bide berri bat
jarraitutzea besterik.
-5-
Euskal begia asna nahi dut,
euskal gogoa kezkatu
Euskera batuaren fabore
botoa denei eskatu.
Senti duguna aitortutzeko
pentsamentuak askatu
Eta bildurrak soldeatako
kate guztiak puskatu.
-6-
Bertsoak egin euskeragatik
ahal dituen guztiak,
eta euskerak eskeintzen dio
behar dituen hizkiak
Batak besteari opa dio
ditun ondasun izpiak
Bertsoa eta euskera nola
diran senide bizkiak.
-7-
Nik bertsuetan bilatutzen dut
hitz egiteko era bat
Ta gai sakonak erabiltzia
gustatutzen zait erabat
Konpon nahirik zazpi zatitan
puskatako maindera bat.
Ea horrela izaten dugun
Euskaldunok bandera bat.
-8-
Sakabanata bizi geranok
batu gaitezen bihotzez
Eguterarik sortzen deguen!
aspertu gera laihotzez
Kondenatuak egonagatik
negu beltzera jaiotzez
Aseko gera geuk sortutako
udaberri ta maiatzez.