1975, emakumearen urtea
Iraola, Rufino
-1-
Emakumea gizonezkoen
mailan behar dugu jarri
Nahiz eginkizun desberdinak
naturalezak ezarri.
Mendeko ez du inoiz izenda
baizik bere osagarri
Bakoitzak ditun bereiztasunak
eskeinitzeko elkarri.
-2-
Naturalezak bere legea
bakoitzarentzat emanik
Ez pentsa gero uste deguen
bezain bizkorrak geranik.
Ez genezake inolaz bete
batak bestearen lanik
Bereiztasunak ez du esan nai
bitan bat nagusi danik.
-3-
Gizaarteak emetasuna
aitzakitako ibiliz.
Debilagoa den izenean
lan errexenak eskeiniz
Emakumea arduratu da
etxeko lan da familiz.
Aginpidea gizonezkoen
eskutan beti ipiniz.
-4-
Emakumea fabriketara!
garai baten zeinek esan?
Naikoa zuen ikasitzea
zerbait josten eta plantxan
Eta etxeko lanak egiten
esku onekoa izan
Horrezaz kanpo haurrak eginda
haiek zaintzea aski zan.
-5-
Ideia honek hain bat urtean
gizartea du ostatu
Eta ez alda uxatutzea
Jaunak, gehiegi kostatu
Pentsa-molde bat ezin diteke
gainera golpez gastatu.
Baina badator piskabanaka
nahiz denei ez gustatu.
-6-
Seksu aldetik ere galtzeko
guztia berak darama.
Deskuido batez erortzen bada
galdu du betiko fama
Amaika haurrek ezagutu du
senar gabe bere ama
Ez erdibana, egin bezala,
partitu balute zama.
-7-
Emakumea gizaartean
bere mailara jasorik?
Sekula ere etzaio egin
aurten hainbeste kasorik.
Eskubideak izan ditzala
behar bezala osorik
Piska batean ez da aztuko
ONU-k eman dun pausorik.
-8-
Berdintasuna eskatzen duzu
ez duzu nahi mirabe.
Justiziazko eskaria da
konturatutzen gerade.
Zu zenbat eta gorago igo
orduan da denok hobe.
Baina prakak ai! jazten dituzun
Gizonak erantzi gabe.