Maite-mindu batzuk
Elorri-Arantza
Neskatxak:
Gau beranduan atea
nere baitan «nor ote da»?
hileak zutik nituelarik
bildurrez betea.
Hotsegin zuen -«Maitea,
azkar etorri zaitea
nahi baduzu disgustoren bat
gaur ez izatea».
Mutilak:
Baino Maitea ze gero!!!
Nik etzinuztan espero.
Ordu luzeak egiten ditut
esnai egunero;
arnas-estu, odol-bero
nere ideietan ero
orain banoa ihes salatu
gaituen ezkero.
Neskatxak:
Hau notizia atera!
desterru edo katera
Ene! Maitea! behar duzula
joan nunbaitera
sorterrik apartera,
zer den kontuak atera,
baina ni ere hor izango naiz
zurekin batera
Mutilak:
Gure arrisku guziak
ez daukatzu ikasiak
salba beharko ditugu egun
gordin da gaziak
hotsak eta garrasiak
ta askoren maliziak
eta ez gaitu anparatuko
gero justiziak.
Neskatxak:
Konprenitzen dizut dena
zure mintzo nabarmena;
ni hain bat duzu hori ta egin
beharko amena;
ez bada ere lehena
bion poza, bion pena
lehenaz gain elkartuago
ipin gaituena.
Mutilak:
Hain agur triste gozorik
ez naiz oroitzen jasorik
ondo giñake ez baldan balitz
beste arazorik
alde batera osorik
nik ezin eman pausorik
egunen baten ez da gertako
holako kasorik.
Neskatxak:
Hori lortu ezinean
desgrazirik haundinean
eror zintezkez hor zabiltzala
zere ekinean
hori gerta dedinean
zure hilobi gainean
nere bihotza ezarriko dut
maitasun finean.
Mutilak:
Gerta diteke lortzea
gizarte on bat sortzea
eta betiko zure ondora
berriz etortzea
edo tranpan erortzea
berdin hilda ehortzea
inoiz ez orde nere maitasun
biok agortzea.