Maiatzaren lehenaz burutazioak
Iraola, Rufino
Hoinbeste langabezi
ta hoinbeste paro,
euskal langileria
hondatua dago,
neke ondoan falta
non egin abaro,
eta geratu gara
ez belar, ez garo.
Pasatzeko itxurak
baleduzka hutsa!;
geroz gogorragoa
lanaren zaputza,
inbertsiorik inork
ez du nahi bultza,
abelera ederra
ez dator honuntza.
Asko derrigorrean
lanari lagata,
peste beldurgarri hau
iritsi dala-ta;
langilea badago
hoinbeste bajata,
tristea izan behar
MAIATZAREN BATA.
Kulpadun nor esaten
ez gara hasiko,
nik bezala bait dute
denek ikusiko,
dakidana: ez dala
herri bat biziko
langilea ez bada
han lehenbiziko.
Ondasunen iturri
nahiz bere izan,
errukiorragorik
ez dago bizitzan,
dituen sosak ihes
heldutako gisan
eta erreserbarik
ez daduka Suizan.
Lana denean gaizki
ta gabe akabo!
orma ta ezpataren
tartean hor dago,
alde batera ez bada
bestera esklabo,
hobeto beharrean
geroz gaizkiago.
Hamaika jendek lehen
honuntza bisita,
gustora ez baginen
hori ikusita,
okerragoa dela
nago eritzita:
aurki geu joan behar
kontuak utzita.
Baina gu ez gaituzu
bisitaren etsai
eta gure artean
egon bitez lasai,
denok elkartu eta,
lanegin, hori bai,
goitik konpontzekotan
alferrik gaude zai.
Dena hondatu eta
iraultzara gero,
holakoak entzuten
dira egunero,
baina bat sabeletik
ez badago bero,
harengandikan ezer,
arren, ez espero.
Badakigu errekak
ura dakarrena,
ta han deskantsatzen da
ekaitz zakarrena,
nik ere horrelaxe
ustu dut barrena,
lehen bederatzi ta
hau hamargarrena.
|