Haur baten jabe
Iraola, Rufino
Bertso kantari natorkizu gaur
o! gure seme laztana;
zu zara gure amets eztia;
zu zara gure poz dana;
zu serbitzeko beti gerturik
daude aita eta ama;
ahuxe da lan bat segi ta segi
eta nekatzen ez dana.
Izan ere zu, o! gure puska
hain zara zoragarria,
dirudizuna izar artetik
munduraino eroria
Baina ez dugu maite delako
inondik bereizgarria,
baizik delako geure sustraitik
sortu eta etorria.
Ikusi eta gisa honetan
geure baratza loratzen
aita bat nola aspertuko da;
bere semea goratzen?
egun guzia pasatzen dugu
mima eta adoratzen
ez dut urruti ibili behar
ez banaiz ere txoratzen
Oso zaila da probatu gabe
esan eta sinistea,
eta bestalde ez probatzea
izan behar du tristea,
mundualdia igaro eta
fruiturik ez ikustea,
penagarri da azken eguna
esku hutsik iristea.
Haur batek aita engainatzen du
erraz da hutsaren baitan,
nahikoa da irrifartxo bat,
haren ezpaintxo alaitan;
besterik ezer denik ez gara
oroitzen aski garaitan,
hura guretzat ez da ordaintzen
mundu guziko miloitan.
Harrigarri da pertsona batek
edukitzen duen sena,
ume bat zenbat maitatutzen den
seinale bat nabarmena,
lotan galdurik badaukat ere
besteentzat entzumena,
danbor hots bat neretzat haren
txintakorik txikiena.
Ez dira izan inoiz aberats
zure ama eta aita,
beraz alde bat utz grina hori
alferrikan zaude zaita,
beste herentzi klase bat askoz
inportanteago baita:
euskaldun izaten erakutsi
eta elkar ongi maita.
Baina, Bianditz, sortu zaitugu
negar malkozko munduan,
nahi bai baina leku hoberik
hautatu ezin genduan.
Aita ta ama izan itzazu
zere bizitzan goguan,
toki txiki bat gordeaz beti
kezka guzien onduan.
Ni bezalatsu aurkituko da
beste edozein guraso,
publikatzea ez dela inor
atrebituko akaso,
baina ixilik edukitzea
zaila da neretzat oso,
ez baitut inoiz bizitzagandik
honenbeste grazi jaso.
Familia bat osatzen dugu
ama dugula tarteko,
bera izan da zorion honen
sortzaile ta bitarteko.
Heriotzea ez da izango
geroz eta apartego
baina badugu zertaz gozatu
guk, bizi garen arteko.