Gizartearen erruz
Iraola, Rufino
Iruinako herritik
dator notizia,
bi lagunek galdu du
kolpetik bizia;
bata sortu berria,
bestea hazia
ongi pentsatuz gero
hori desgrazia!
Guztiz beharrekoa
bizimodua gaur,
ama hark lehen ere
bazituen bi haur;
jaunak, ni berri honek
arras hunkitu nau;
ze gizartetan gauden
seinalea da hau.
Harriak ein lezake
guregatik negar;
legez, oraindik, ezer
ezin daiteke har;
aberatsak hor dabiltz
Europatik zehar,
pobreak arriskuan
bera jarri behar.
Txikitan ezarriak
betiko seiluak,
sasi erligiodun
gizon kankailuak,
behar ez zituenak
antisorgailuak!;
hargatik daude orain
negar-istiluak.
Izan ez baldin balu
aurrez oztoporik,
hark ez zuen beharko
perejil hostorik,
ez da emango ere
duen disgustorik;
zenbait gauzak ez dauka
zentzu arrastorik.
Okerra ordaindu du
bere heriotzez,
azter dezagun gero
hori odol hotzez!;
behartsu sortzen dena
mundura jaiotzez,
negargarri bizi ta
hil beharra lotsez.
Haurrak hazi ezinik
zeunden nekatua,
lanak burutu gabe
duzu bukatua,
pastila dagolako
hain debekatua;
gizartearena da
hemen pekatua.
Hola dabiltz Eliza
eta Aita Santu,
besterentzat bai hoiek
makina bat kontu,
berak lujo galanta
ta burua altu,
hargatik dago hainbat
negar eta lantu.
Ez dut ongi ikusten
ume bat galtzea,
bai, ordea, neurriak
aurretik hartzea,
egoki ez delako
hor trabak jartzea,
aurrak dio nola
dantzatu atzea.
Antisorgailu denak
behar dute libre,
miloitatik bat sortzen
da bestela ere;
Jaunak produzioa
egin badu sobre,
garaiean bakandu
ez al da ba hobe?
Gizarteko krimenak
hil zaitu tristea,
okerrena da haurrak
umezurtz uztea;
asko, sofritzen baino
hobe bi haztea,
baina geratu zara
ez ba, ez bestea.
Orain bost-sei urte zu
oi nolako dama!,
ezkondu eta pozik
egin zinen ama;
bizitza honek tranpa
berekin darama,
garbi dado ez dela
zoriona dana.
|