Galdu-gordean datozenak
Iraola Garmendi, Rufino
Bertsolari izatez
ez nintzen damutu,
aspaldiz egon arren
ixil eta mutu,
barrenean gordea
badut hainbat kontu
eta bihur daitezen
bertso edo kantu,
Argiaren basotik
berriz diot «kuku».
Argiaren argiak
gaitzala mantendu,
euskarak horko larre
goxotan jatendu,
pasatu arren hainbat
negu ta abendu,
oraindik indarrean
dela ematen du,
otso tzarrek bizirik
ez diote kendu.
Sarritan izan zara
nire oiartzuna,
zure bidez bada-ta
hamaika entzuna,
protesta gabe jasoz
bertsorik antzuna,
berdin basamortuko
hotsaren zantzuna,
askatasuna zaintzen
baduzu zentzuna.
Baina azkenaldian
ez zinen ageri,
eta horrek kezka bat
sortzen zidan neri,
garbi aitortuko dut
aitortu baledi,
trantze txarrean zeunden:
ito ala segi,
poztu naiz, heldu zaizkit
kolpean ale bi.
Gero neroni ere
sarritan etsia,
azaldu nahi ezta
dakigun gutxia,
pentsatze bortitzetan
burua utzia,
baina bukatutzear
denez erauntsia,
ostadarrak ondotik
dakar eguzkia.
Artikulu ugari
genitzake ikus,
nire ustetan asko
burutuak tajuz;
baina aholkutxo bat
gauza bati buruz,,
Argia gal ez dadin
idazleon erruz,
plumerorik, arren, ez
geiegi erakus.
|