Ene kantu liburuaz
Iraola, Rufino
Arratsetako nere
kontakatilua;
nik bakarrikan dakit
zure baliua:
loharrazteko droga
ta alibiua;
letraz eraikitako
ene gaztilua.
Egunak utzitako
haserre izpiak,
zuk uxatzen dituzu
nigandik guztiak;
zuri beha hartzen nau
gau lo amestiak;
gutxi izaten dira
hain lagun eztiak.
Urte batzuetako
nere kantu lanak,
zuk gordetzen dituzu
txintxo, hortxe, danak;
ez baldin badu ere
izenik izanak,
apal dutan neurrian
bihotzez emanak.
Zuri lotzen natzaizu
gauero, gauero,
kontseilari hoberik
nik ez dut espero,
zuk eusten bait didazu
fresku eta bero
ta zuk esango duzu
ni nor nintzen, gero
Zuri aurkezten dizut
oinaze larrriak,
egunaren ilunak,
neri ekarriak;
nere esanentzat zuk
erne belarriak,
hobe izan bazinutz
sarri elbarriak.
Holaxe bizi gara
elgarren altzoan,
garebik ere nahiz
jakin ez hauzoan;
zu hazten saiako naiz
bizitza osoan,
geroko uzte arren
mezu bat bertsoan.
Nere malkoek sarri
bazaituzte busti,
gaur ederrago zara
nigar eta guzti,
joan deneko urte
batzuren honuzti
nigarrak ez nau eta
inspiratu guti.
Bizitzak badu, berez,
hamaika tortura;
hurrek bultzatzen gaitu
sarritan kantura;
nahiz hitzak zuzendu
guk basamaortura,
barrena lasa behintzat
zerbaiten kontura.
Nere izatearen
marra nagusiak,
bere aspirapenak
eta gutiziak,
eskabide orokor
nahiz bereziak
zugan utziko dituk
garbiro, guziak.
Goizean zu neri so
gaumahai gainean,
artean nagoela
esna ezinean,
hasierazten nauzu
nere mingainean.
kantu arinean,
ezer baldin badago
nere mingainean.
Banoa eta gora
kemen nere ordez,
etxe honen itzala
zaindu eta gordez,
informa nahi zitut
bueltan berri hobez,
zaila bada ere hau,
gaur, gizonon obrez.
|