Amona bati, edozein amonari
Iraola, Rufino
Zorionean argitu zuen
zu sortu zinen eguna,
handik larogei urteurrena
orain ospatzen deguna;
ama zintzo bat familirako
eta bihotz euskalduna;
merezi hainbat nola goraldu
oi! gure ama kutuna?
Zure bularpe horretan, gozo,
edanez ginduzun hazi,
eta euskara maitagarria
kantatu ta irakatsi,
erauntsi batek harrapaturik
galdu zuenean kasi;
ez da exenplu txarra, ez, ama,
nahi badugu ikasi.
Kristau pobrea izanagatik
sortzetik edo jaiotzez,
ez dugu nahi umezurtz geldi,
ama, zure heriotzez,
eta Jaunari deitzen diogu
kantari geure abotsez,
unte askotan gorde zaitzala
opa dizugu bihotzez.
Urteen baitan gorputza txiki
eta luzatuak gonak,
baina oraindik irauten dizu
holako osasun onak,
gutxi dira-ta horren bizkorrak
larogeitako amonak,
segi aurrera ere holaxe
ta bihotzez zorionak.
Ez zara izan, zenbait bezala,
utzia eta lasaka,
ez zara izan maixiatzaile
inori gaizki esaka,
ez zara bizi hestu ta presa
aurrekoari bultzaka,
zeren presaka bizitzen denak
hil beharko du presaka.
Hara nola, zu inguraturik
seme, errain da biloba;
etenik gabe doa osatzen
behin hasi zenuen obra;
amonarentzat dira gaur, hemen,
hainbat hitz gozo ta lora,
nabarmen dago zahartu arren
inork ez zauzkala sobra.
Hile xuriak dantzan dabiltza
amonak buru gainean,
gorputza ere ez dadukazu
zuk mugitu ezinean
eta oraindik hola bazabiltz
umorerik haundinean,
ez zinen, oso amutsa izango
sasoikoa zinenean.
Gutxi direla esango nuke
hain momentu pozgarriak,
pentsamentuak amonarengan
dauzka, biziki, jarriak;
hara, beroiek orain loratan,
zuk mundura ekarriak,
hau da, zuhaitz bat ihartzerako
fruitutan zuhaitz berriak.
Euskal herrian fruitu asko da,
zoritxarrez harrak jota
(hemen ez dago holakorik da
esan da ez da inporta).
Belar gaiztoa ugari bait da,
nahiz hazi ona bota;
amonak ez du errurik, hortik
ez da belar hau jaio-ta.
Hara, amona non ipini nik
ispilu eta eredu,
seme ta aita, biak garenok
zer ikasia badegu,
batekin ongi konplitu, ezik,
besteai ezin erregu;
gaztetan jator jokatu ezak
hamaika zahar erre du.
Ez da itxura, inolaz ere,
inor ahotan hartzea,
baina komeni gauza guziak
ere parean, jartzea
denontzat dator, dudarik gabe,
derrigorrez, zahartzea,
eta aurreak erakusten du
nola dantzatu atzea.
Beti bezala, azken bertsoa
agur eginaz joateko;
oraindik ere asko dagoke
amonari esateko,
baina uste dut zerbait badela
saio batez emateko,
ta, batez ere, nahikoa da
bertso txarrak izateko.