Hauteskundeen ondorena
Iraola, Patxi
-1-
Mila beatzireun larogei eta
seigarren urte barruan
alderdi denen buruzagiak
mitin hitzaldi orruan
helburu hauxe hitzaldi hoien
sustraian edo erroan
nork bere baza eraman arte
etzeuden lasai larruan
-2-
Otsailaren hamarra da gaur
larogei eta zazpian
bertsogintzari ekina diot
nola nengoen aztian.
Ezin konpondu gure jaun hoiek
bitarte hontan guztian
hainbat bilera egin ondoren
Gasteiz, Bilbo, Donostian.
-3-
Urrutitikan ikusitzen da
besteren karramintsoa
bai egin ere horren aurkako
kritika edo mintzoa.
Danak diote nere ideia
jatorra eta zintzoa!
bien bitarte puesto bila
askoren ahalegintxoa.
-4-
Aurrez aitzera emanda edo
berdin biltzar ixilera
penagarri da aspaldi hontan
jaunak hoien ibilera.
Zertan hainbeste kontu ta saltsa?
Zertan hainbeste bilera?
Peskisa hontan ia bagoaz
hirugarrengo hilera.
-5-
Gerra artean jaioak nonbait
eta seta txarrez hezi
herriarengan aurkeztutzeko
nahiko tranpa ta malezi.
Gobernatzeko kondiziotan
gizon bat ezin berezi
inork gehiago botatzerikan
ez lukete hoiek merezi.
-6-
Hortxe dabiltza gehientsuenak
akatsak ezin iskutik
pesoetarrak ezin ireki
beren jarrera eskutik
beroien giltza militarra da
hortan ez dago disputik
eta ez dago ezer hartzerik
hutsikan dagon eskutik.
-7-
Berdin jeltzale, EA edo EE
abertzaleen gidari
tamalgarri da nola zeraten
batasunan birrinlari
toki gehiegi emanaz noski
bakoitzak bere nahiari
probetxu onik zail da erteten
tema horren amaiari.
-8-
Ikusirikan gure gainetik
horrenbeste arerio
hau ez da txantxa, hartzekoa da
arretaz eta serio.
Batasunean izan ezikan
gora ez gindezke io
tamalgarri da erregu honek
ez ote duen balio.
-g-
Ez ote dago ixiltzerikan
gure nigar eternoa
buru-hausteei nunbaitetikan
atera bide sanua.
Penagarri da salba leikena
joan beharra inpernua
nun dabil gure Autonomia
edo Autogobernua?
-10-
Horra Pelipe eta gobernu
pesoeren alderdia
aberats dena aberats dedin
ager duten soberbia.
Lana degunok jornal eskasa
lanjabe jende erdia
langa ondoan beti marruka
goseak dagon ardia.
-11-
Enpresariei mezu ederra
emana die Solchaga-k
ehuneko bostez errenditzeko
konbenioaren galgak
langilerian botoak bildu
ordain miserizko trabak
gehienez ere hauxe egingo zun
irabazi balu Fragak.
-12-
Gogo onezko begirunea
geuk nola izan PSOE-ri
lehenaz gainera hoiengandikan
hainbat negar da miseri.
Herriagatik abertzaleok
elkarri zedozer zedi
Gasteizko aulkian Txiki Benegas
arren ez dedin eseri.
-13-
Abertzaleen soka hautsi zen
oraingoz ezin lotuan
askok sinesten ez dutelako
istituzio kontuan;
besteak berriz dena dagola
diote Parlamentuan
eta geroak esango digu
gaur arrazoia nork duan.
-14-
Une honetan arkitzen gera
hontaraxe iritsiak
aurrera bidez jarraitutzeko
ez egon arren etsiak!
Nolabait gora igo nahi mailak
lehenago behera jetsiak
hamalau bertso horra hor nere
gogo eta iritziak.