Gogoeta batzu
Iraola, Patxi
Bertso batzutan jartzera noa
bururatutzen zaidanak,
politikako hain bat helburu
mugatzen ditu gai banak,
goi zapalkuntza du hondagarri
behetik egin nai danak;
gu sortu ginen lur maite hontan
badauzkagu naiko lanak.
Ez dakit nor zen nik hau ziona,
nekazai edo artzaia,
al zer egia esaten zuen
zirudiela ipuia;
bi gauza alper-galtzen zirela,
ez zegon kezkaz lasaia,
gizon alperren indarra eta
pobrearen arrazoia.
Gu euskaldunok badaduzkagu
zerbait holakoren antzak,
pasa erazten ari zaizkigu
urte gogor da garratzak,
onez eman ez eta txartzean
ez zaigu jartzen beatxak
zenbat antxoak pagatzen duen
gizendutzeko legatzak.
Egun hautako egunkaritan
kontu batzuek ageri,
komisaritan egiten dela
makinabat astakeri,
horren bitartez gelditu dela
zenbait zauritu ta eri,
baina ez zaie ongi asenta
Melia eta Freireri.
Urte hauetan komisaritan
asko da erabilia,
horren bitartez samindua da
makinabat familia;
ez ziren modu hortan mintzako
Ez Freire ta ez Melia,
mutilak egon diran tokian
berak egondu balia.
Sarri bezala egun hauetan
notizi txarrak nigana,
Araban ere norbaitek jo du
ala moduzko diana,
kontu zikinak garbitutzeko
ai zer trastea Viana!
hor ikusten da pisti guziak
ongi elkartzen dirana.
Berdinak dira maila hortako
gizonak eta atsuak,
diruditela odol egarriz
marruka dauden otsuak;
gainera gero hau egiten du
dirudun jende altsuak:
zerri guziak berak erosi,
besteri deitu faltsuak.
Erosi zuten Aita Santua,
erosi zuten Eliza,
hobetoago konpliatzearren
zapaltzaileen baldintza
berak eginda legeak jarri
mugitzen denai paliza,
hontan ez dago alde haundirik
ez Madrildikan Parisa.
Komisariak eunero lepo,
hainbeste daude gartzelan,
arrazoi guztiz egin dutenak
al zuten hainbat etxelan.
Gizon jatorrak zaretela ta
zertan zabiltzate teman,
badakizute nondikan hasi
nahi duzutenean eman.
Horra oraingoz hamar bertsotan
nik jauntxo hoien gorantzak,
noiz utzi behar ote gaitugu
itzal txarraren arratsak;
gure ezpainak bustiko ditu
berriz'e zumu garratzak
landare onez hornitu arte
Euskal Herriko baratzak.