Ortzirale saindu
Aire, Ferdinand
1
Jesus, kurutzeaz kargaturik zamatzaten egun huntan
Gogoz izan naiz zure ondotik galbarioaren puntan
Han ene buruari behatuz, hara zer ikusi dutan!
Zu itzatzeko burdin zorrotzak, naramatzaia eskutan.
2
Aitortzen dut nor zaitudan bainan aitormen xoila bakarrik
Zure aski maitatzeko ez du ene bihotzak indarrik.
Bekatuari estekatua naukate hainbat lokarrik,
Deus egingabe zu beiratzeko kurutze dorpe hortarik.
3
Sortzetikako jaidura txarra da ene hutsen iturri
Jainko Semea zarenaz geroz, baitakizu denen berri!
Gizoner gorde izan dut bainan, nola gordeko dut zuri?
Ardurenik zer izaiten duen, ene gogoak hazkurri.
4
Zure aitaren eskuetarik badut kargu bat ukana
Bertutearen predikatzea gizonen artean barna.
Alegiazko kartsutasunez egiten dut ene lana.
Bainan zu eta ene burua ezin dezazket engana.
5
Bake hitza ene ezpainetan, nork ez ote du entzuna?
Bainan barnetik etzaut ixiltzen hisiaren oihartzuna.
Nekeak utzi bertzerendako, enetzat errextasuna.
Horra hor ene karitatea, horra ene maitasuna,
6
Norbait ikusten badut ni baino dohatsuago bi mailez
Gizarteari oihuz ari naiz zuzentasunaren galdez
Aldiz ene bihotzak funtsezko urrikalmendurikan ez
Nik jakinean pairamenetan bizi diren dohakabez.
7
Ixildu dut zure burregoer elgar zagutzen dugula.
Horra naizen dohakabe hunen bertutearen ahula.
Badakit Jondoni Petrik ere !an bera egin zauzula
Bainan nik haren urriki minik ez dut senditu sekula.
8
Hau da sinesmenaren argia, ahulezian hurtzea,
Oh, Jesus ona, ilunbe hunen iraupenaren luzea!
Noiz onhartu behar derautazu ene soinean hartzea
Zureskuinean itzatu zuten..ohoinaren kurutzea.
9
Jauna, suntsi dezazun ni béitan egiten dautzut galdea,
Hoinbertze here gustuko sugai erretzen duen labea.
Bihotz barri bat aman zaidazu, o zeru-lurrean jabea,
Ene jaidura gaixtoek egin karramiskarik gabea.