Pedro Mari biursari gozotsuarentzat
Iraola, Victoriano
Dakidalarik, kasikan iya
Ezin sinistu det nik ¡ai!
Aitorren seme biursariyak
Eztubela kantatu nai;
Zerubak zuri euskal-izkuntzan
Emanik ainbeste doai,
Ama euskara zu entzuteko
Gaisoa or daukazu zai,
Poztu deriyen esan zayozu
"¡Bai kantatuko dizut, bai!"
Esan zayozu bete beterik
Pechu leyala su-garrez,
Kanta zayozu iruki gabe
Ama maitia negarrez,
Arranoaren egaa moduan
Goititurikan indarrez,
Estali zazu berdin gabeko
Itz gozo garbi ederrez,
Nola zeruba -estalitzen dan
Gau garbiyetan izarrez.
Choriyak bere umearentzat
Eztu ainbeste naitasun,
Nola zuk Pedro, mancha gabeko
Lur santuari diyozun;
Saroi-tarteko chori-egazti
Danak nai zaituzte entzun,
Euskera zarren edertasunak
Nola goititzen dituzun...
¡Zuk eztakizu izkuntz arrekin
Zenbat poztutzen gaituzun!
Kantatu zazu saroi berdean,
Kantatu mendi goyetan,
Baso beltzean, errekachoan,
Zelaita bordachoetan;
Kantatu zazu ibai ertzean,
Arbol tantayen gañetan,
Usai gozozko baratza loraz
Ederki apainduetan,
Baitare ibar alaitsu eta
Atari garbi ayetan.
Zure itz eder eztitsu ayek
Esanaz alako bigun,
Biyotzeraño allegatutzen
Dira eztiro ta legun;
Eztakit zuri zer Jaungoikozko
Graziyak sartu zaizkitzun,
Beti oparo argiratzeko
Orrenbeste edertasun,
Pedro, uste det neurri gabeko
Doayak ote dituzun.
Ondar che chea milizkatuaz
Goititzen dira ur meak;
Goititzen dira nagirik gabe
Pizti ta beren umeak,
Modo berean astindu eta
Kanporaturik nekeak,
Ala gainduko dituzu gure
Izkera eta legeak,
Esanaz zer dan Euskal-lurra ta,
Zer diran bere semeak.