Inclina, Domine, aurem tuam (LXXXV'garren salmua)
Zure belarria kurtu,
Yauna, ta entzun zadazu;
zoritxarrean ondatua naiz,
onbear gaixo bat nauzu.
Zain zazu nere anima,
ni yainko-zalea naiz ta;
zure morroi au gaizka nazazu,
zugan baitaukat ustea.
Euzu nitaz errukia,
ez izan entzungogorra;
egun osoan atertu gabe
ari natzaitzu oiuka.
Zure mirabe gaixo onen
anima poz zazu arren!
zugana baitut bear orduan
nere gogoa yasotzen.
Barkazale, on ta ezti
baitzera, nere Yaun ori,
maite zaituzten guzientzako
biotz-bera ta urrikalti.
Nere otoitza adi zazu,
nere arrena entzuizu;
nik hel-dagitzut estualdian,
ta zuk entzunen didazu.
Yainkoetan ezta alerik
zurekln berdintzekorik;
zure lanegin miragarriek
eztute beren parerik.
Zuk egin yendaki oro
yinen dira lerro lerro,
zure aurrean aospeztu ta
zure izena ospatuko.
Guzia andia baitzera
ta mirari-egilea,
ortzi-lurretan ezta besterik,
zu zera Yainko bakarra.
Zure bideak agertu
ta erakuts zaizkidatzu;
zureganako zintasunean
ibiliko naiz leiatsu.
Nere biotz au zurekin
bat zazu, bana eztedin;
eutsi zaiozu, zere izenaren
beldur ta zale izan nadin.
Nere Yainko Yauna, zar!
esker dizut biotzeti,
ta zure izena ospatuko dut
gogoz egun eta beti.
Neurrigabea izan baita
zure errukia nigana,
ilerriaren zolatik duzu
idoki nere anima.
Gizatzarrak, Yauna, erruz
yaiki dira neri buruz,
yende gogorren saldo zakarrek
esitu naute amorruz.
Inguru dabilzkit ernai,
ni yotzeko eraren zai;
zutas axolik bat ere gabe
neri bizia kendu nai.
Zu, nere Yaun ori, berriz
urrikaltsu zera guziz,
egiazale, asarregaitza,
dena betea errukiz.
Arren! begira zadazu
zein larri nagon ta estu;
zure mirabe apal oneri
indar ta kemen emozu.
Bai, zure neskatoaren
seme au lehen-bai-lehen
gaizka nazazu, nitaz etsaiek
irri egin eztezaten.
Egizu nere onetan
zantzuen bat agerian,
ori ikusi ta nere esesleak
lotsa-gorri bitez betan.
Guziok ikas bezate
zu zerala nere urgazle,
atsekabe ta larri-orduan
zu, Yauna, nere pozgile.
|