Kalifornia-ren ongi etorria
Goytino, J.P.
Agur! paper ederra! o! EUSKAL-ERRIA!
Agur! gure lurreko aingeru berria!
Mandatari leiala, Iaunaz igorria,
Desiratzen zaitugu ongi etorria!
Los Angeles-ek egun zaitu ezagutu,
Ezagutu orduko osoki maitatu.
Gure artean zare yin eta finkatu;
Zu emen ikusteaz gare loriatu!
Ameriketan ere beti Eskualdunak
Beren mintzo eztiaz dire artadunak
Berriketari ona! zure honseiluak
Gutaz izanen dire oro segituak.
O! Eskuara maitea! azken urte autan
Ari zare edatzen mundo izkinetan
Sabant famatuenek, asko lekuetan,
Zaituzte irakusten, beren Eskoletan.
Frantziak, Espaņiak eta Italiak,
Prusiak, Inglaterrak bai ere Austriak,
Orai zaituzte denek ideki atiak,
Bai eta yakinsunen biltzarre andiak.
Ikusi dugu orok, mintzo sakratua!
Zutaz amorostua eta gustatua,
Bonaparteandia, Printze argitua,
Gure Inperadoren aurride yustua.
Eta gu, zure aurrak, Zeruaz deituak,
Bear ginuke izan biotz gabekoak
Bein astiatzeko zure itz gochoak?
Otoi beiragitzala ortarik Iainkoak!
Oore, laudorio EUSKAL-ERRIA-ri
Zerukozko bakea Eskualdun onari!
O! irakus dezagun mundo guziari
Beti fidel garela gure mintzoari.