Aberritik deika
Gerrika
Eztot iñori galde-bearrik
nundik ibilli zarean;
Negar gorrizko tantoz dakustaz
zure oinkadak bidean.
Iñoiz aseko ez dozun garrak
kizkaltzen dautzu barnea;
Ta, zure naikun oro amiltzen
ametsak legez, utsera!
Bizi-bidea lili-larrosaz
baratza yatzun iduri;
Biotza zorrotz ziztatzen daten
arantzak daurkizuz soilki...!
Barnean iñoiz ilgo etxatzun
zerbait ba-dozu miñetan,
Lurrezko bitxutxa auskor batean
altxorra legez, gordeta.
Baiña baita be zeure jausitzan
zio dan gorputz astuna;
Bustin-zatia danez lurrera
beti makurrik yatzuna.
"NUNDIK ZATOZAN, NORA ZOAZAN...?
ETZARA LUDI ONTAKO!
BIDAZTI ZARA EMEN BAKARRIK;
ABERRIA GOIAN DAGO!"
ETA ILLUNTZEKO BAKIAN
NORBAITEK DARRAI. KANTARI:
"DANA EMON BIAR YAKO
MAITE DAN AZKATASUNARI".
Nundik zatozan, nora zoazan...?
etzara ludi ontako!
BIDAZTI zara emen bakarrik;
Aberria goian dago.
Jainko-arnasa baita gogoa
iñoiz etxatzu itzuliko;
Bustin-zati bat gorputza baita,
auts-laster yatzu biurko.
Bitartean zu, BIDAZTI guren,
etsaien aurka guduan;
Betirauneko saria lortzen
naigabez zagoz munduan.
Beti gurantza nai dau gogoak;
lurrera makur gorputza.
Bion arteko guda ondoren
nok lortu ete garaitza?