Udazkena!
Garbizu ta Salaberria, Jon (Zubigar)
Una non diren osto politak
zugatz gainean erdoildu,
xurtoinetatik askatu eta
airean dabiltz jostailu;
len eze ziren adar gainean,
orain gaxoak orbeldu
ta zugatz eder, orlei, bikaina
gorri, soil, ikusten dugu.
Udazkena, Udazkena:
egin bi urrats aitzina
urrats bat ein-ta duguna
dalako negu gordina...!
Iguzkiaren izpi urreak
erdi-ilun dire ikusten,
txori alaiak zugatz gainean
ez len bezenbat abesten...!
nere leioa idekitzean
ez dut enara nabaitzen
eta barnean biotz ilunaz
erdi-minez naiz gelditzen.
Udazkena, Udazkena:
egin bi urrats aitzina
urrats bat ein-ta duguna
dalako negu gordina...!
Lore guziak zimeldu dire
landa-zelaiak gorritu,
ortze urdina odei beltz aundiz
estali eta ilundu;
neska-mutilak len bezenbat maiz
ez dira iturrian bildu
Udazkeneko gau ilun unek
nonbeit ikaratzen ditu.
Udazkena, Udazkena:
egin bi urrats aitzina
urrats bat ein-ta duguna
dalako negu gordina...!
Intz ederdun zen goiz bikain ura
ez da inondik agertzen,
ilunabarrak len bezenbat poz
ez du beinere ematen;
oraiko aldi untan ez dugu
olerkaririk ikusten
biotz-pozkari diren gauzarik
samur ta goxo idazten.
Udazkena, Udazkena:
egin bi urrats aitzina
urrats bat ein-ta duguna
dalako negu gordina...!
Borda atarian artzain sendoak
biotz ilunaz dagozi
Udazkenaren ondorioa
tzarra dute-ta ikusi
mendi gaineko txabol zaarra
orgatik dute ideki,
negu gordina igarotzeko, on
zaie-ta bera iduri.
Udazkena, Udazkena:
egin bi urrats aitzina
urrats bat ein-ta duguna
dalako negu gordina...!
Lore usaindun alaigarria
basoan galdu denean,
gaztaina eta ezkurra biltzen
baso untan ikustean
erranen dute geuren biotzak
isilki barne-barnean
"Uda aldatu da ta Udazkena
dugu ilunki gainean...!!"
Udazkena, Udazkena,
olerkariaren mina:
egin bi urrats aitzina
Udazkena, Udazkena...!