Udaberri goiza
Zubigar
Zoragarrizko arginabarra jaiotzean
jauna'k begiak iriki dizkit goiz-goizean,
gau otzamarrak intz ozpil eta txit lodia
leiar gañetan nola utzi duan ikusiaz;
Eta ortzian urdintasuna nausitzeaz
epeltasunak intz lodiena metutzean
pozez jaiki naz lilluragarri dan goizeko
gauza politok egunabarrez ikusteko.
Ta sortaldeko menditzarraren gibeletik
eguzki izpiak ortzi-sapaira disdis dagi
ipar-aizedun giro atsegin ta gozoa
iragarriaz goiznabarrean goi-margoak.
A, ta euzkiak pitxizko bere printz ederraz,
urrezko musuz, mendi-gallurra gorritzean
an-emen poza, txorrotxioa, nabaitzen da
baso-zuaitzen adar intzatu tartietan.
Gerri sendodun zuaitz tantaien orpo-orpoan
aldizka «tan-tan» ozpil jausiaz intz-tantoak
gau laburrean intzez bustirik makurtuak
euki dituzte txorten zuridun lilitxuak.
Baña... euzkia mendi-atzetik gorutz doa
ta ozkarbitik banatutzean printz beroak
intz trinko aiek deuseztu ditu bazterretan
liliak txutik ta apain jarriaz basoetan.
Bai, jaiki dira lili etziñak lerden-lerden
ta mitxeleta-erleak antxe daude jaten...
ta ipar-aizedun giro gozoa nausitzean
artzai-txistuen ots zoli ua nabaitzen da...
Ta ardi otzanak lizardipeko iturrian
ur gozo ozpila edaten dauden bitartian,
artzai-mutila geldiro joan da lar-tartera
umez dagoan txori-kabia ikertzera.
Eguzkiaren txingar biziak indartzean
basetxe baten atalondora urbildu naz
ta kerizpean mutikotxo bat aterrutsik
txakur txuriaz jolasten dakust parramurri...
Ta atalondoko intxaurrondoen itzaletik
likurta gozoz bazterrak eder ikusirik
jaungoikoaren neurrigabeko altasunaz
lilluratua gelditu naz
sinismenetan sendotua...