Oinaze dut!
Salaberria-Garbizu
Gure baso garbian xurtoin sendoaz dagon
urrin gozodun lore samurra bezela
usmatzen dut pozkiro Jainkoak eman ziren
bertze izkuntzak bezin eder den euskara...
Begien aintzineko seaska zaarretik
"sita" erranen diren alaba bezala
maite dut biotzean amak seaskatxoan
sendo ezarri ziren izkuntza euskara...
Nere biotza berak goxotzen bai-du ainitz,
baita jaio ez geroz mugitu mingaina
bera bezin kutunik ez dut arkitzen bada...
eta ainitz oinaze dut sartu zaion mina...!
Orgatik oinaze dut oraiko aldi untan
nolapaiteko gizon zirtzilen errana
geuren euskara "latza, garratz ta tzarra dela,
aundizkien mingaina lotsatzen duena..."
Orgatik oinaze dut oraiko aldi untan
euskaldun tzar gaiztoak erranen dutena
"artzain jakinge aien ezpainetan bakarrik
erabiltzeko dela zerbeit-zerbeit ona..."
Arrunt urruindu dute uri aundietatik,
ostikoz bota dute erri ttipitara;
nola nai den dela-re biotza den artio
itzeinen dugu sutsu ta pozik euskara...
Erri ttipietatik bulka dute mendirat
zerbeit farren artean gizon burugeak
nola nai den dela-re ez daukagu beldurrik
Jauna'rena bai-dugu, maite bai-du Berak...
Orain bide zabalak ideki nai dituzte
mendian ereinteko azi pozoindua
oorez betea den euskera galdu eta
bertzea jar, artzainak ezin ulertua...
Mendiz-mendi dabilen euskara errugea,
ur gardendun erreka garbien antzera
jeisten ikusiko da menditik oianerat,
oianetik zelairat, zelaitik urirat...
An ikusi artio oinaze dut benetan
gizon ttipi-ttipien egikera tzarra
oinaze dut, bai, baņo iragaiko zait mina
sendotzean betiko minez den euskara,
egingo den bezala jatorrak ba'gara...