Ongi apaldu-ondoko berriketak. Oia
Samaiko-Zulo (Lizardi)
Neke-sendalariya,
buru-argitzalia,
lanaren sariya...
Amestegi guriya
naigabien azkaya,
nagiyen nausiya...
Bitez agur neriak
-apalonduon beintzat-
guziyak zuretzat;
ta aitagure bat ere
bijua, zu sumatu
zindubanarentzat.
Baño..., lasitu nadin
orain, aitagureka
abitu baño len,
jaun zintzo orren baimenaz,
erruz datorkizkidan
neurtitzok esaten...
***
Apaldu det oparo...
Betazkada, arrenka,
eskatzen zaudate...
Aurrian, zu, zabalik,
elurra ainbat zuriya,
begiyak zakuste!...
Sartu ditzadan, lenen,
estalkiyok, aspitik,
dagokiyen neurriz,
onik erten eztaidan
gaberdiyan, oi-dunez,
lotsagabekeriz
Apalatxo!... Bijuaz
oñetakuak gora,
abia jo-arte!...
Nere pozaren berri
auzo goi ta bekuak
ikasi bezate!...
Txamarra kendu: bota
galtzak ere: ez atseden!..
Orrenbeste neke!...
Burutsubago ziran,
ziñez, gure guraso
Adan eta Ebe...
Noizpait!... Gerturik nago!...
Aitaren egin-eta
jo dezadan murgil!...
Bat, bi, iru, lau... ¡aguro!
negu-gabaren otzak
ez nazan bertan il!...
***
Barrenen naiz ba, jaunak,
maindire leun-artian
bilduta, buru-oin...
Sartzerako otzikarau,
baño, bigundu-arte,
arren, pixkat itxoin.
Oraintxe ba, muturra
zerbait atera daiket,
berriketa-jarrai...
Zu goraltzen, oe ori,
logurak autsi-arte
eztet ixildu-nai!...
A nolako kertenak
gabaz kalerik-kale
ibiltzen diranak!...
Arkiko al-dituzte
jostorratzez josirik
iñoiz beren oiak!...
Atan aizia dabil
aserre... Noski!... Berak
ortik ezpaitauka!...
Leyuan txingor-otsa
da, neri lua, nunbait,
galerazi-bila...
Lan gaitza, gaitzik ba-da!
Atako giro txarra
lotatako onena;...
seaska utzi genduban
aur polit-azitxuon
«Lo-Lo» biguñena...
Biyar?... Gogapen txarrok
urrun!... Egun banari
gau bat darraikiyo,
egiñaz atsartzeko,
ez eginkizunarren
kezkatzeko, baño
Ta..., irakurle maitia,
laburrerako oraintxe
berriketan nazu...
Begiyak itxi zaizkit...
burutzarrau moteldu...
asnasa bakandu...
...Ames-dagit, oyanan
il naula, irriparriaz,
maitagarri batek;...
ta, iletia, gozaro,
abesten didatela
berreun-mila lorek...
...Ames dagit nautela
tximirritak eortzi
abaraska baten;...
ta, illobiya, lasairo
ta ixilka, ari naizela.
parra-parra jaten...
...Ames... Baña ¿Zer dantzut!
irakurle gustiyok
zurrungaka lorik!...
Nere neurtitzok orrein
lo-erazle bizkorrak
uste ez nun ziranik
Beraz, gabon, mutillak...
Baño...! ¡...nere burubau
ezin lei burutu!...
Oe-sumatzalliaren
aldez agindutako
Aitaguria aztu!...
Gizajo ori, ordia,
otzan-onutsa, noski,
zanez, goyan dago...
nere Aitagurien
biarrik, beraz, eztu,
agiyan, izango...
Gauzok orla dirala
utzi dezaket Aita-
-guria biyarko...
Atan, euriya..., otza...
aize-zotin luziak...
Agur... Da... gi... dan looo...
|