Gaur Enbeitaren izena degu
1)
Gaur Enbeitaren izena degu
gorengo erabilia,
bera dalako bertso maixu
eta euskara zalia.
Giro honetan jarri daiguzan
baserria eta kalia;
Hau da Euskadi benetakua
eta abertzale familia.
2)
Larogei urte luze ta zabal
munduan zaizkizu, jaunak;
eskertu naian bildu zaizkizu
adiskide ta lagunak.
Jan eta edaten bertso ta soinu
hauxek dira jardunak
bukaerarik ez luke behar
gaur bezelako egunak.
3)
Hau ere esan beharra dago
zerbait esaten hasita;
Bihotz bihotzez agurtzen det
gure Balentin Enbeita.
Zuregandik daudela pixkat
gauza horretan hezita,
gaur omena irabazi dezu
ondo asko merezita.
4)
Aiton batentzat ezin eskini
inoiz erazi gogorrik,
neure bizitzan ez dot ikusi
holako gizon bizkorrik;
Ekintza danak beteak ditu
ez dauka ezerren zorrik,
Berriz ez degu ezagutuko
halako Urretxindorrik.
5)
Gaurko bertsolai gazte maiteak
hau ezazue aditu,
gure herriak iraun dagian
indar denak behar ditu.
Bertsolai zarrak geure sasoian
ezer ez geuntzan ukatu.
Beti kantari ibili ginan
nahita kartzela jokatu,
eta gaur bere arloan gagoz
barriro behar bagaitu.
6)
Urretxindorren jatorri zarrak
nahiko meritto ez ahal du!
Nerbioneko hibai ertzera
hainbeste euskaldun azaldu.
Anaiartean eta umorez
denok alkarrez bazkaldu
Nahita etsaiak beren gorrotoz
eta zigorrez zapaldu,
geure ohitura ta umorea
oraindik ez dogu galdu.
7)
Egun honetan bildu gerade
gu bertsolari ugari.
da Balentinen goratzarrean
kantari gerade ari.
Une latzetan ziozulako
laguntasuna ugari,
omenaldi hau ere badoa
bere emazte Klarari.
8)
Ai! Mendizabal, goguan daukat
zuk oroitatu dezuna;
barru barrutik azaldu dezu
daukazun biguntasuna.
Guk ere egin nahi diogula
berari zen batasuna,
alkartasunak osatutzen du
gizon zarren osasuna.
9)
Merezi duna jasoten dago
gaur gure Balentin zarra.
Bazkal ondoan arrazoi onak
hemen doaz barra barra.
Denon euskara, denon bertsoak
gudarien su ta garra.
Euskal Herri han askatuteko
degu danoren beharra.
10)
Ito nahi zuten behin betirako
Balentinek zun birtute.
Hori dala ta espetxeratu
Kate gogorrez lotute.
Baina merezi bezala Bilbon
ongi eskertu zaituzte.
Begira zazu, ene osaba,
Herrian zer degun uste,
Espaiņi danak ez du balio
Balentin Enbeitan beste.
11)
Pozez betean etorria naiz
ni gaurko besta hontara;
kasik dezaket leku goxo hau
zeru bateri konpara.
Enbeitatarrak, erran dezagun,
bertsolarien altara;
Esan behar det ta opa ere
hauxe egin beharra da,
oraino luzaz aurki dezagun
Balentin hau eta Klara (bis).
12)
Gure Balentin erdi gaixorik
ibilia zen lenago.
Klarari esker mantentzen zaigu
zartzaroan orain sano.
Hargatik biak merezi dute
hainbeste txalo ta grado.
Berari esker zuek bezela
kontuan jarria nago.
Bilbo sekula ez zela izan
gaur baino euskaldunago.
13)
Denok pozikan eskertzen degu
Balentin balientea.
Kimuz utzia baidu baratza
lepondoraino betea.
Hau da gizon bat sekula baino
poztuago egotea.
Hala Balentin, hau izango duda
egun haundi ta maitea.
Haundiago dan gauz bakarra da
Zazpirak bat egotea (bis).
14)
Zazpirak baten dehiadar hori
da Nerbioiko algara.
Baina ez pentsa urte guztiko
bete dogunik ganbara.
Ai! zu, Balentin, bihartik gora
gu nunbait galduko gara.
Zure etxean lagun bakarra
izango da zure Klara.
Ai, bertsolari onik ez dago
emazte onik ez bada!
lara, lara, lara, lara,
emazte onik ez bada!