Arrats gorri
Lizardi
Zerk goibeltzen zaitu, maitea, arratsero,
aizea ta txoriak atertuz gero?
Begi zabaletan zerk edatzen dizu
gandu delako ori, erdiz nigar ta izu?
Eguna arrausi-nai asi-garaiean;
mendietako isla zeru baztarrean
non gerezi ta non baxaran denean,
zerk atzi zakida, gaixo, bat batean?
Nireganuntz erne zenuan gogoa.
Zerk arinduz ta nork emanez egoa
diyoakit iges? ta aidean esegi
dakust, txori lilurarazia iduri.
Beldur naiz, eneņo, arrats gorriotan
erio-ozkirria dabiltzun zaņetan;
Egun begi-urdin iltzen dagola-ta
arengana zauden, maitez ukituta...
Begira: Izkain'eruntz, txingar borobila
noiz egingo dago uretan murgila,
ta noiz txir-txir otsez itsaso gorria
biur daiten lurrunezko odei zuria.
(Maitagarriari, betazal-ertzetan,
oskorriak dirdai, nonbait malko-intzetan,
ta mutilak ipui bat asma dio,
laztanari len-poza itzul ba lekio...)
Egun begi-urdin, sortu berri artan,
lurraren gaņetik arroa ziyoan.
Iņoren ume zanik ezpaitzekien,
il-ezintzat bere burua yo zuen.
Eguerdiz gero, zalantza da, larri,
buru orailean azkura du sarri;
atzera so, ta, ilaunki, aldapa bera,
gaua darraikio ludiaz yauntzera.
Amil-mugan, bekaitz zimelak artu du;
amorruz damakio odei-sail bati su;
ta, argiz gaua galazi-ustean,
murgil yo du buruz sarkalde-leizean.
Gauaren aginduz, orra sua itzali.
Itz ok bota dizka Egun yoanari:
"Ai egunto txoro! ez ezagun ama,
len uts sakonean Bakar nindukana! (nintzana).
Lurtarrok, ez beldur. Pake, maitaleak...
altzoan dakartzit zorion-aleak...
altzoan dakartzit izar ugariak,
etorkizun egun berien aziak..."
Ta au esanik, lerden, ereiten asi zan
aziak irraka sail beltz gizenean...
Arrats gorria il da... Zeru-bazterrean
ez gerezi dugu, ez ta are baxaran!
Ipui gazi-goxoak izan dik almen:
orra gandua urra ta nabari lurmen...
Begi zabaletan, irria nagusi
giro-alda ain usurik ez dut ikusi!
Ai, eguzkitara, mutilak al ba lu
auzo-soingaņean burua atsedendu...!
Baņan, Lotsa dauka tartean yarria,
naiz, itxuraz ez den lagun txit lodia.
Izar urruneri begiak emanik,
eztaietan biotzak ditutelarik,
elkarrenganago dituan gauari
ixil-mintzoz ola zioten eskari:
Begi-beltz, oin-illaun, Gau, ama naroa,
ekarkor bekigu zure azaroa;
egun begi-urdin betoz ugariak
gure elkarmin onen gaņezkagarriak...!