1985-eko esku-huskako finala
Fermin [Imaz, Fermin?]
1
Buruz-buruka finala zegon Baiona. "Modern" trinketan
Bi garaztar hor kausitu dira ta so-egileak metan
Bata Maitia hor arizanik furfuria ederretan
Nolaz Etchegoin gerta xapeldun berrogoi-ta-bat urtetan?
2
Josteta guti izaiten baita gisa hortako auzian
Gaztenak nahi zuen agertu bere indar itsusian
Bertzea berriz axeri xahar zer norat jo ikusian
Buruzjokatuz du gain aldea hartu partida guzian.
3
Ihardespen bat hain arraroan Etchegoin haste hastetik
Bote gaixtoak erreferatuz aire edo apuinetik
Bertze batzuek sare azpian, ezkerraz lur arrasetik
Gure Maitiak etzuen fini egun hortan sofritzetik
4
Maitiak hogoi-ta-bortz pondu ta Etchegoinek hogoi-ta-bi
Hau hogoi-t'hamabortzetaraino gero ta Maitia geldi
Berrogoi-eta hogoi-ta-zazpi, bazterrak tinko aspaldi
Berrogoi-ta-bortzetan berdinduz berriz gaztearen aldi.
5
Trebeslariak ere hor ziren, hoiek beti berdin trebe.
Hastetik "hamar-bortzi" eskainiz eta Maitiaren alde
Gero bidean durduzaturik berritzeko joka-molde
Adoste hortan "ehun-hogoiri" berriz berarentzat galde.
6
Bainan orduan zaharren horrek bermaturik joko finez
Aski ahalekin ihardokiz jendea harritu zinez
Horren garraitzaz ez dira bete ez guziak atseginez
Azken bortz kintze joko hutsez ta bote batekin eginez.
7
Berrogoi-ta-bat urtekin bainan oraino dagola gazte
Ez baita segur maiz gertatuko hainbat froga erakuste
Partida xoragarriagorik zitaikenetz ez dut uste
Pariatzaile batzuek ume ederrak egin dituzte!
8
Hemezorizira bote sarturik zoin ongi barreatuak
Sare ezkŕna gero pentsa nork hobeki zirikatua
Hamalau sarez ta punpa-sarez - Maitiak lau kokatuak
Ez ote zauku hortan azaltzen garraitzaren sekretua?
9
Etchegoinek hor erakutsi du trebetasun bat haundia
Zailtasuna ta irabazteko horrek zuen errabia
Bere denbora markatua du, hori da pilotaria
Xapel horrentzat ez ahal du-re bi-hirugarren aldia?
10
Jendeak ongi eskertu ditu esku-zarta beroekin
Merezimenduak zituztela denen buru biek berdin
Pilotak ere irabazten du horrelako izarrekin
Eta Maitiak datorreneko badakike bai zer egin...