Ixtoriaren begitik
Fermin [Imaz, Fermin?]
1
Haundi-mandiek zuten ontasun eta abantail guzia
Jende xeheak aldiz ondoan denetan ezin bizia
Bainan iraultza ororendako bilakatu zen gazia
Berrehun urte iragan eta beti falta justizia.
2
Herra ta oldar berezi bazen gauz sakratuen aldera
Eliz-gzonak itzal haundiko ziren batzun arabera
Giza-eskubideen zerrenda gero nahirik atera
Nola demuntre jo zuten bada girixtinoen legera?
3
"Berdintasuna sortzean eta legearen aintzinean"
Probintzi eta mintzairak bazter printzipio izenean
Sara, Azkaine eta Itsasuk badakite zuzenean
Zer justizi zen denbora gutiz hainbertze hil zirenean...
4
Gizonak duen nortasun hori zaintzea bada zuzena
Errespetagarritzat daukagu bakoitzan ingurumena
Hortarik dator: "eskubide bat" badela populuena
"Demokraziak" kopuru-legez estaltzen al ez duena.
5
Guretzat lege berezi batzu onak baziren funtsean
"Libertate" ta "berdintasun-en" hitzek ez jotzen hutsean
Aboztuaren laueko gauan kendu zituzten hotzean
Nausi berriek lengoer zorrik ez zapatzaile sartzean.
6
Ez uste izan geroztik gauzak arras zuzendu zirenik
Haundi-mandiak itxuraldatuz bizi baitira oraindik
Indarkeri bat maltzurragoa heldu zaigu hoien ganik
Indarkerira jotzen duenak ez dauka gizatasunik.
7
"Garat" anaiek departamendu euskaldun bat nai zutela...
Ongi dakigu berrehun urtez zotzik mugitu ez dela
Iraultza harek oraino ere hortan badauka itzala
Bizi girade Euskal-Herririk hemen ez balitz bezala.
8
"Europa" dugu gaur eguneko azkeneko alegia
Kapitalismo salbai batena laike joko lazgarria
Gure tantoak tiratzekotan idek ditzagun begiak
Oraindik bere tokia finka dezan ba Euskal-Herriak!
9
Aberri zahar huntan badugu emanik hainbertze fede
Eta bermatu beharra dago guziz Euskararen alde
Ezin bizia ginuke laster "aldakuntzarikan" gabe
"Nortasun" hauxe senda dezagun aize guzien aurka-re!
10
Jesu-Kristoren dizipulu hok gabiltz sineste fermuan:
"Ongiak eta Amodioak nausitu behar munduan";
Herri-maitasun sendo batean eskuz-esku daike joan
Guziek elgar errespetatuz, ta elgarren estimuan.