...Egin zaidazu bixita
Ezeiza, Julian (Aterpe)
I
Usurbildarrak ikusten ditut
oso bertso zaletuak.
Eta oraintxe asmo berriak
omen dituzte hartuak.
Sasoi ederra daukate denek,
ez baitaude nekatuak,
eta lehenbizi proba nahian
dabiltza Hernanikuak.
II
Inguruetan jarriko dugu
makinatxo bat armoni,
baina gehiegi harrotutzea
hemen ez zaigu komeni.
Bertsoak hemen gustatzen zaizka
gau herritar edozeini.
Anai bikiak bezala dira
Usurbil eta Hernani.
III
Hernanin bost edo sei lagun
pozikan bilduko gera,
une goxo bat igarotzeko
izaten dugun aukera.
Bertsoen faltaz Euskal Herria
gaurkoz ez doa behera,
ea guk elkar probatzeko, ba,
noiz izaten dugun era.
IV
Bertsolariak entzun behar du
hainbat gezur eta egi,
hortik denetik Txirrita zaharrak
bazekien bai ederki.
Eta Usurbilgo semeak ziren
Gaztelu ta Udarregi...
Haien atzetik, zuek gazteok,
ahal duzuen arte segi.
V
Herri horretxek beti izan du
bertsolariaren sena,
hamaika bider gizon haietaz
ni oroitzen naiz maizena.
Gazte ugari ikusten ditut
oso indartsu daudena,
Euskal Herrian ez da ahaztuko,
Usurbil, zure izena.
VI
Txoko honetan beti izan da
jende on eta mardula.
Hernani ere jan-edanean
sekulan ez da ahula.
Herri honetan fama dutenak
Txuleta eta Angula.
Biltzen bagara, hortik nahiko
guk jan beharko dugula.
VII
Lehengo igandez zuk, gazte horrek,
niri egin desapioa,
ikusiko da herri honetan
non dagoen balioa.
Gure gazteak urte hauetan
daude goraino igoak,
badaukagu, bai, hernaniarrok
probaketako gogoa.
VIII
Ikusten dugu gure lurrean
hainbeste ezin-eraman.
Denen gustoa hemen egiten
badugu makina bat lan.
Hernanik gure Usurbilekin
dauka milaka harreman...
Gizona hemen, probatu arte,
ez da jakiten zenbat dan.
IX
Nik gazte horri erantzun nizun,
gaur zuk ez eman latikan.
Nik ondo dakit gazte askotxo
bilduko dela hortikan.
Ni Hernanitik, lagunarekin,
hor naukazue pozikan:
Usurbildarrek ez dute izango
erantzunaren faltikan.
X
Anai bezala jokatu behar
dugu, bai, guk gizartean,
eta, hauzoak nola izanak
garen hainbeste urtean,
zuen Herrira joango gara
patxada eder batean.
Ta borondatez joka dezagun
gure Euskalerri maitean.
XI
Herri horrekin gizatasunez
behar baitugu elkartu,
hontaz aurrera hemen gehiago
ezingo gara nekatu.
Ea haruntza gu joatean
eiten zareten portatu.
Gaizki esanik baldin badago,
behar duzue barkatu.