Zorionak Euskadi!
Izazpik
1
Lau pistolero ote ginan da,
hau da sustoa herrian!
Hainbat gudari nundikan sortu
ote dira aberrian?
Gauza bat garbi agertzen zaigu
oraingo muestra berrian,
hagin da hortzak nork erakutsi
badala Euskalerrian.
2
Gudari asko arkitzen ziren
aspaldian hain umilak,
Espainiáko kalabozotan
barrutikan erdi hilak.
Aberri zale ikusitzean
honelako jende pilak,
hau dek barrengo lasaitasuna
hartu dutena, mutilak!!!
3
Madril aldean jarri direla
denak beldurrez aidean,
gorroto biziz zebiltzatenak
gu zapaltzeko idean.
Ixpilu txarra ikusi dute
oraingo hauteskundean,
gaur edo behar askatutzeko
jarri garela bidean.
4
Nabaitu dute ez geradela
inozente bat edo bi,
baizik herriak boto hoietaz
agertzen duena garbi.
Horrek dakarren buruko mina
jendeak ikusi bedi,
bide hortatik jarraitzen badu
libratuko da Euskadi.
5
Haziak hilda ondoren datoz
landare eta gariak,
horregatikan hauek dirade
heriotz haien sariak.
Ikusirikan landaretxuak
datozela ugariak,
seguru gaude etziradela
alperrik hil gudariak.
6
Monzon hor dugu kartzelan preso
lehengo guda-mutila,
Euskal fedean gogor da tinko,
dirudiela jentila.
Gorrotoaren espetxe hortan
zaduzkate erdi-hila,
Zu geroaren errege zara
ta jaso zazu makila!!!
7
Heriotzara bultzatzen zaitu
herriaren adoreak,
eta gu berriz beldurtzen gaitu
zuk daukazun baloreak,
Derriorrean eduki behar
gorri gorri koloreak,
zuk botatako odol potzuan
sortuko diren loreak.
8
Zugaitz zaharra, urteen mende,
zegon ia erorian,
eta azkenik jarri digute
espetxean hilzorian.
Zure izena ez dadin galdu
geroaren memorian,
urrezko letraz josiko dugu
Euskadiko historian.