"Terrorismoa" gora ta bera
Izazpik
-1-
«Terrorismoa» gora ta bera
ezpain guzietan dabil,
eta askoren pentsakerakin
oso arrituta nabil.
«Pake santua bear degunok
bertan nai gaituztela il...
Bi egun triste bizi bear ta
erak ezin pasa trankil».
-2-
Terrorismoa kondenatzea
guziok gera beartu,
Nazio danak ortarakoxe
bakarrik dira alkartu.
Guziak ola juzga badute
bearko degu onartu,
baiñan gizonen kontzientzia
bear genduke aztartu.
-3-
Zer diferentzi arkitutzen dan
itz batzuen goraberan,
disimulozko terrorismoa
santu paperen jokeran.
Bizimodua jarri ezkero
guziontzako aukeran,
gure artean jakin nai nuke
terroristak nortzuk geran...?
-4-
Munduan jauntxo bizi geranok
geuretzat jarri aukera,
Al dala legez babestu geure
kapritxo ta izakera.
Gero juzgatu mendeko eta
gizarajoen jokera,
terrorista ta disimulozko
fariseoak gu gera.
-5-
Lendabiziko mendeko danak
lotu soka edo katez,
gero eskeintza ugari egin,
ta al bada eman... batez.
Terrorismora jotzen dutenak
beren bizitzaren kaltez,
Nik terrorista gutxi ikusi
ditut beren borondatez.
-6-
Gazte bat berez pentsatzen eta
jokatzen asi ezkero,
egurrarekin zuzendutzerik
ezazutela espero.
Nik esan gabe zuek jakingo
zenduten au onuzkero,
okerragoak jartzen dirala
kartzelan egonda gero.
-7-
...Golpe batean nai dituztela
lege guziak puskatu...!
Ta ori majo bizi geranoi
nola arraio gustatu...!
Oien jokera bildurgarriaz
santu geranok, sustatu.
Emen iltzaille nor ez dan ongi
geure buruak juzgatu.
-8-
Edozer gauza gertatzen bada
eskasena da kulpante,
juzga bearrik ere ez dago,
kartzelara derrepente.
Oieri esker asi gerade
espabilatzen bastante
bestela lasai biziko giñan
makiñatxobat tunante!!!
-9-
Jokera ori zergatikan dan
pentsatu dezagun lenen,
Izango al da, justizia ta
askatasuna daudenen...?
Besteri kulpa botatzia da
beti errexena emen...
O! ene Jauna, zer jaleoa
gu juzgatzen gaituztenen!!!
-10-
Ez pentsa gero justizirikan
izango danik lurrian,
besteren erru ta pekatuak
dauzkagun arte aurrian.
Ardian kulpak bildotsak paga,
gure mundu maltzurrian,
Ia juzgatzen gaituzten noizbait
geuk jarritako neurrian.