Hasperen ttantta bihoztiak
Etxezarreta, J.M. (Izazpi)
1
Jai gau sargoritsuan
belardi batean,
mendien tartean,
Zarauztik gora joanik
Aiako partean.
Biok elkar loturik
zorion betean,
ez dakit sartu nintzen
haruntz joatean,
zeru erdian edo
infernuko atean.
2
Dantzaleku batetik
irtenik kanpora,
zerbait espero da,
hitz pottoloak eta
dena boga-boga.
Ai, ze polita zauden
bihotzeko lora!
Eskuak legun-legun
lepotik kolkora...
Errez asko eraman
ninduen zepora.
3
Mutil harekin nintzen
tratatzen hasia,
bazuen grazia,
neskatxak engainatzen
ongi ikasia.
Horrelako uretan
askotan pasia,
baina nik ez eduki
haren malezia,
nerekin egin zuen
nahi zuen gau1a.
4
Ilabete osoa
pasarik horrela
triste ta goibela,
denbora bete arren
jetxi gabe Ğreglağ.
Mutilari beldurrez
deiturik berela,
dardara baten esan
nion nik honela:
Pedro Mari, uste dut
haurdun nagoela.
5
Lehenengotik ez zidan
hitzikan txukatu,
gero dena-ukatu,
hark ez zuela egin
nerekin pekatu,
hortaz hitzegitea
zidan debekatu...
Eta nik ez nekien
burua urkatu,
edo begietako
malkoak txukatu!
6
Agonian sartzen den
gaixoen modura,
hura zen tristura!
Gauz onik ez zitzaidan
etortzen burura,
bertan disparate bat
egiteko duda...
Kontzientzian izan
ez banu ardura,
bertantxe hilgo nuen
mutil faltso hura.
7
Abortatzea ere
pentsatu nuen maiz,
biok bertan hil nahiz,
burua urkatzeak
jartzen nindun dardaiz...
Ezer ez nuen egin
Jainkoaren dohaiz,
bere argia eman
zidalako garaiz,
ez nuen uste baina
milagroz bizi naiz!
8
Etxean esateko
dardaraz nengoen,
baina hobe nuen,
nahizta edozer gauza
gertatu ondoren.
-Amatxo haurdun nago!
nik esan nionen,
begiak malkoz eta
ixilik zegoen...
Baina haretxek hartu
ninduen ondoen!
9
Hamasei urte eta
zenbait desengaino,
jasoak gaurdaino!
Bizitzak probatu nau
ez dakit noraino...
Geroari begira
hodei eta laino...
Hobe bakarrik bizi
nik hil arteraino,
zenbait aprojarekin
ezkontzea baino.
10
Barnean bizitza bat
dedala jakinik,
ez dit eman minik,
zertarako ibili
ezkuta ezinik...
Zer gurutzea dedan
ongi badakit nik,
gerorako ez daukat
beste atseginik,
biziko geradela
biok bat eginik!
|