Gazte baten eriotza
Izazpik
-1-
Lengoan zer gertatu
zan gure errian,
bertso batzutan nago
esan bearrian.
Lau gazte ler-zorian
kotxe ederrian,
ezin errendituta
oker okerrian,
bat ilda gelditu zan
bide bazterrian.
-2-
Ez nijoa notizi
txarrak zabaltzea,
baizik sentitu nuen
pena azaltzea.
Gaur gazte bat etxetik
lasai bialtzea,
ez al da zeure puska
betiko galtzea...?
Ai! zer penagarria
orrela iltzea!!!
-3-
Indar eta osasun
guziaK berekin,
zernai sobrante zeukan
ogei urterekin.
golpean dana galdu
eriotzarekin,
eta guk ezin ezer
egin berarekin,
oroitutzea baizik
Jaungoikoarekin.
-4-
Laguntzaillea franko
bazuen onduan,
gizon-jakinduriak
zer egin onduan...?
Ura azken tristea
jaiota munduan!
Ikusitako denok
pentsatu genduan,
gazte baten bizitzak
zen balio duan!!!
-5-
Nor etzan geldituko
an errukituta,
gurputz bat ikusirik
dana txikituta.
Ara, zerk utzi nindun
oso arrituta:
Aotikan odola
ezin geldituta,
errezatzen asi zan
ezpaņak bituta.
-6-
Ain zegon irripartsu,
ain zegon alaia!
Pozez gozatutzeko
azkenengo jaia.
Kotxe zoroarekin
dibertitu naia...
Konturatu gaitezen,
orain da garaia,
bizitza da prezio
gabeko doaia.
-7-
Zure aita ta amak
ondo merezia,
maitasun indarraren
lenengo azia.
Bular esnetsuetan
sortu ta azia,
iturri gozo ortan
piztu zan bizia,
orra; zedorren kulpaz
akabo guzia!!!
-8-
Jangoikoak emanik
bizitza almena,
guk gordetzeko bear
genduke kemena.
Osasun-zoriona
eskuetan dena,
ta ain errez galtzeak
emten du pena,
Munduko edertasun
danetan onena.
-9-
Nola ixuri ainbat
maitasun gugana,
borondate utsean
geuretzat emana.
Sortzetik iltzeraiņo
sakratua dana,
kontu artzeko Jabe
bakarra duana,
bein bakarrik artuta
bein biurtzen dana!!!
-10-
Sentimentu triste au
egun osoetan,
gogoan ibilli zan
erri-auzoetan.
Auxe opatzen diot
nere bertsoetan,
Jaunak artu dezala
bere besoetan,
egon dedin betiko
amets gozoetan.
|