UEUren kronika bertsotan
Txepetxa
Hogeigarren mendean
laurogeigarrena,
hau da Zoramena!
Iruņean agertu
da gure kemena;
egintza eder horrek
ba du bere izena,
UEU siglen bidez
ezagutzen dena:
euskal kulturarentzat
bizkortze-eztena.
Bertan bilduak gara
bostehun bat lagun
hainbeste ezagun;
hango egintza batzu
aipatu ditzagun
pazientzia baduzue
kanta eta entzun
ez gara arituko
gogor edo astun
adieraztera goaz
han zer egin dugun.
Lanean egin dira
hainbat ikastaro
hogei ta gehiago
tesi eta tesina
agertuz oparo
UEUk utzia du
atzean haurtzaro
are gogorrago:
Oraindik lan gehiena
egiteko dago!
Astronomiarentzat
on da gauerdia,
izanik argia;
gauez atera ginen
jendetza erdia.
Mendian ginen eta
alboan ardia
hotza zegoelako
ez zen izerdia.
Teleskopioz hartu
genun hilargia
Hilargia ikusiz
kalean izanda,
ederra parranda!
Heldu egin zitzaien
izarrei txanda.
"Begira zuzenean,
"Ursa Major" han da!,
Iparra aurkitzen da
zuzenkiro joanda"
Berdin egin liteke
lurrean etzanda
Interesgarri omen
da Natur Zientzia
landarez jantzia.
Ikasle-irakasleek
nahiko pazientzia.
Txoriak entzuteko
zeukaten antsia,
Goizaldeko seiretan
komenientzia,
gauez juerga baina
garbi kontzientzia.
Bertsolariek ere
ba dute odola
ta ez edonola.
Hantxe agertua zen
Santutxuko eskola.
Sei bertsolari gaztek
apurtuz kaiola,
erakutsirik argi
geroa dagola.
UEUn sartu zuten
haiek beren gola
Bi egun pasatuta,
ondo bagabiltza,
bestelako hitza:
Jon Azpillaga eta
Xabier Amuritza.
Bersoen sagardoak
ba zedukan bitsa;
bertsolariak dira
euskaldun-haritza:
Horrelako egurrez
gaizki dabil sitsa!
Kirolak ere beti
beharrezko dira,
gorputzen dirdira,
honela hurbildurik
gazteen habira
Musean bota dugu
hordago handira,
eta krosean eman
bizkor hiru bira;
inor ere ez zaigu
nekez erretira.
Neskak eta mutilak
futbolean gogor,
alai eta jator.
Hala ere txapela
guztiok ezin lor.
Ostikada galantak
eman dituzte hor,
hona arrazoia ta
ez haserre inor:
arratiarrak dira
garaile derrigor.
Berriro zientziarekin
dakargu berria,
harrituz herria:
konputagailua da
erabilgarria.
Euskara ere ba daki,
hau harrigarria!
Tanketaren jokoa
da jostagarria,
bertan ken dezakezu
joko-egarria
Eginak izan dira
pilo bat ahalegin
nekeetan berdin.
Antolatzaileak bai
langile eta fin!
Horrelako askorik
ez dago Euskadin,
eskerrak ematean
hartzen dut atsegin:
guztion izenean,
zorionak Martin!
Bukatzera noa ta
hona nire agurra
hitzetan laburra.
Gora UEU hortan
landura den lurra!
Gora hango jendea,
langile zuhurra!
Horrelako sutara
pilatu egurra
Urtu egin dezagun
erdaren elurra.
|