Hiroshima ene maitea
Etxebarria, Dora
"Atoz Hiroshima'ra, ene maitea,
ikusteko nola galdu zuan lurrak
ainbeste mendeetako bere narrua
izugarrizko suge batek bezala."
"Ezetasun ta atsegintasunerako
Iainkoak sortutako aizeņo bigunak
piztitzar baten bafada antzeratsu
putz egin zuan txarkerizko erauntsiz."
"Loreak orain ez dute ba bizirik
ezta ez ziran loretu erleak;
bakarrik sumendizko karrakautsa
gelditu zan arrien aurpegietan."
"Bizia euntzen ari dan odolaren
aria ebakia or gelditu zan
ta aren lurriņa ixurikatua
kutsu gorrizko odoltza batean."
"Au eremu itzela au naigabea
askatuz erormin zirriztadea
basa-piztien antzera alkar jaten
diran giztalde itsuaren artean."
"Itsutzen duan argi ikaragarria
argi artean ke-laiņo aundi bat.
Txerren deabruak inpernuetatik
aizeatu zun bere aserre gorria."
"Hiroshima ezabatua gelditu zan
bere sustraietatik erraiki gabe.
Tximiztaz ta oņaztarriz egindako
itxasbidutz ikaragarria lertu zan."
"Aztikerizko ikurratza eten zan
zoritxarraren astapena egin zan
bizidun oro bereganduko dituana
bere eromenaren ezken-aldiraņo."
"Gu gara bai gu gara Hiroshima
beti-betirako desegiten gara.
Bakarrik izpiraiz-indar autserrea
eramango du eriotzaren autsak."
"Antzik gabe, millaka gizaki,
-alamenkak, karraxiak, biraoak-
Ai, Hiroshima, ene maitea.
nolako miņa dutan bekain artean!