Euskal-arnas bizigarri
E[txaniz], N.
-1-
Aritxulegi gaiñean,
loa uzten dedanean,
zer poztasun barrenean!
Mendi-gallurrak «Ator onuntza»!
deituaz aldamenean,
pago xar baten oiñean,
asten naiz kantu lanean,
euskerik xamurrenean.
-2-
Zugaitz-sendiak loretan,
nekazariak lurretan,
bei pintak simaur lorretan;
alkazi-usai ameslaria
beko erreka ondoetan;
alboko pagadietan,
kuku zar bi berriketan,
dakiten izkuntz orretan !
-3-
Adar gaiñean kantari,
zorrotz erantzun alkarri,
txori danak bertsolari!
Edertasun au ikusiz geroz,
begiak zerurantz jarri,
eskatu diot jaunari,
biurtzeko al ba-ledi
urte guzia Udaberri!
-4-
Zar dana gaztetzen dela,
mundu berrian gaudela,
orain bai esan leikela!
Iruditzen zait paradisoan
jaunak gaur jarri nauela;
dana mendeko detela,
zugatzak gurtzen nautela,
bai zoriontsu naizela!
|